Eduki publikatzailea

Udalak asfaltatze kanpainari ekingo dio, aste honetan

Hainbat gunetan izaera desberdineko asfaltatze lanak egingo dituzte. Ibilgailuen trafikoari gehien eragingo diona Santuenekoa izango da: atarien arteko hartxintxarrezko aparkaleku guztiak asfaltatuko dira. Gainerakoan, hiru zebra bide altxatu eta hainbat petatxu jarriko dira.

2024·09·23


Usurbilgo Udalak aurtengo asfaltatze kanpainari ekingo dio, aste honetan. Izaera desberdineko hainbat lan egingo dira, herriko hainbat lekutan. Oraingoz, Santuenean egingo diren lanek dute hasiera egun zehatza: asteazkena, irailaren 25a. Horren aurretik, ordea, prestaketa lanak egingo ditu udal-brigadak: gaur bertan hasi dira zeregin horretan. Lanak bata bestearen atzetik egingo dituzte, guneka, eguraldiak baimendu ahala.

Santuenea

Atarien arteko hartxintxarrezko aparkaleku guztiak asfaltatuko dira: 15, guztira. Prestaketa lanak eta asfaltatzea kontuan izanda, lauzpabost eguneko lana izango da, betiere, eguraldiaren arabera. Lanak egin bitartean ezingo da leku horietan aparkatu egunean zehar; gauez, bai. Horrez gain, eskubaloi pistan ere ate bat zabalduko dute, behin-behinean aparkaleku gisa erabili ahal izateko.

Zebra bideak

Hiru zebra bide altxatuko dira: Zumartegi industrialdearen sarreran, Errekatxiki kalean eta Pikaolan. Lehenengo biak Arburu-Tellendegi herri bidea bukatu ostean egingo dituzte. Pikaolakoa, berriz, Iartzako eta Usaskuko petatxu lanekin batera egingo da.

Petatxuak

Iartzaz eta Usaskuz gain, petatxuak jarriko dira, baita ere, Kale Nagusian eta Mercadona supermerkatuaren atzeko bidean.

Udaletxea

Irutasun kalean aparkalekuetako zuloak konpontzeaz gain, udaletxeko sarbidearen irisgarritasun baldintzak hobetuko dira.