Eduki publikatzailea

Udalak Aniztasunaren Kontseilua sortzeko deia egin du

Jatorri aniztasunean eta elkarbizitzan sakontzeko plana egin du, hainbat helburu eta ekintza jasotzen dituena. Besteak beste, udal barruko lantaldea sortzeaz gainera, udalak eta herritarrek gai horretan elkarrekin lan egiteko Aniztasunaren Kontseilua sortzea proposatu du.

2021·10·27


Usurbilgo jatorri aniztasunean eta elkarbizitzan sakontzeko ekintza plana aurkeztu du udalak, Sutegin. Plan horretan hainbat helburu eta ekintza jaso ditu, hiru oinarri nagusiren arabera: Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen diagnostikoa (Aztiker, 2020), ikerketaren emaitzak jakinarazi eta etorkizun hurbilean garatzeko ekintza proposamenak jasotzeko saioak eta udal-teknikariekin egindako plan proposamenaren kontrastea. Legealdi osoan garatzeko ekintzak dira, lehentasun maila desberdinekoak, eta lanerako bi eremu aurreikusi dituzte: udal barrukoa, hainbat sailetako teknikariez osatua, eta udalaz haragokoa, udaleko ordezkariez gain, jatorri desberdineko herritarrek eta eragileek osatzea nahi dutena.

Ekintza planean ia 30 neurri jaso ditu. Lehenik, helburu nagusiak finkatu ditu, horietako bakoitza bete ahal izateko hainbat neurri proposatzearekin batera. Hiru dira helburu nagusiak. Batetik, iritsi berrien oinarrizko beharrak ase eta asistentzia eskaintzera bidean lan egitea. Bestetik, usurbildar ezberdinen arteko ezagutza eta harremana sustatzea, komunikazio kanal eraginkorrak sortuz eta elkar topatzeko espazioak eraikiz. Horrez gain, sentsibilizazioa eta formazioa landuko dira, kulturartekotasunaren eredua indartuz.

Hori guztia egiteko bi lan eremu aurreikusi dituzte: udal barrukoa zein udalaz haragokoa. “Ezinbestekoak dira ezagutzan eta elkarrekiko aitortzan oinarritutako ekimenak, arrazismoa edo diskriminazioa baztertu eta aniztasuna modu positiboan baloratzeko herri-ekimenak bultzatzea, eta, horrekin batera, udalak herritar guztien aukera berdintasuna bermatzeko lan egitea, jatorriaren araberako baldintzarik gabe, migrazioak dakarren aniztasun kulturala txertatuz udal-politika guztietan”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.

Udalak, bere aldetik, lantaldea osatu du, hainbat sailetako teknikariekin, gaia lantzeko. Eta, horrez gain, iragarri du aniztasunaren ekintza plana kudeatzeko baliabideak areagotu egingo dituela 2022tik aurrera. Udal barruan norabide horretan lan egiteaz gain, ordea, ezinbestekotzat du udal ordezkariek, jatorri desberdineko herritarrek eta eragileek elkarrekin lan egingo duten espazio bat sortzea, Aniztasunaren Kontseilua deitu dutena.

Sutegiko aurkezpenean zenbait lagunek adierazi zuten kontseilu horretan lan egiteko borondatea, eta, beraz, horri heltzea izango da hurrengo urratsa. Hau da, epe motzean, kontseilu horren osaera zehaztu, bere funtzioak argitu, zein maiztasunekin elkartuko den adostu, eta lehentasunak finkatzea da udalaren asmoa.

Lanketa guztiaren helburua da Usurbil benetako harrera herria izan dadin lortzea. “Gaur aurkezten dugun plana aniztasuna modu demokratikoan kudeatzeko udalaren estrategia da. Sinergiak sortu eta adostasunaren bidez eraikitako proposamenak garatzeko, diskriminazioaren aurka borrokatu eta elkarbizitzan sakontzeko. Elkar ezagutzeko behar handia daukagu. Elkarbizitza ez da espazio fisiko bat konpartitzea soilik: aniztasunaren alde gaudela diogu, baina gutxi praktikatzen dugu, eta elkarbizitza hori baino gehiago da: elkarrekiko errespetua da, enpatia da, herrikide izatea da”, azaldu du Solaberrietak.

Elkarbizitzan sakontzearen garrantzia nabarmendu du alkateak. “Migratzaileak mehatxu gisa aurkezten dituzten diskurtsoak ugaritzen ari dira; areagotzen ari dira gorroto diskurtsoak eta politika xenofoboak, eta kezkaz bizi dut egoera. Bestelakoak dira guk nabarmendu nahi ditugun balioak, eta elkartasunez jardun nahi dugu, aniztasuna ez baita mehatxua, aberastasuna baizik”. Hala, herriaren nortasuna mantenduz, bertan bizitzea erabakitzen duen oro onartzeko lan egin asmo du udalak: “Kolektibitate berri bat sortzea dugu erronka, gure herriaren nortasuna, hizkuntza eta kultura bermatzearekin batera bertan bizitzea erabakitzen duen oro hartu eta egin ditzaketen ekarpenak eskertzeko gai izango dena, bere jatorria dena delakoa izanda ere. Horrela baino ez gara izango herri solidarioa, aktiboa, kohesionatua eta inklusiboa”.