Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak Aginaga biziberritzeko proiektu komunitario bat jarriko du martxan

Aginagako beharrei era komunitario eta kooperatiboan erantzungo dion proiektu egokiena aukeratzeko deialdia egin du udalak: bihar amaituko da proposamenak bidaltzeko epea. Hautatzen den eragilearekin lankidetza-hitzarmena sinatuko du, eta Eliza Zaharra eta Arrate ostatua horri laga, proiektua gara dezan.

2025·07·14


Aginaga biziberritzeko proiektu komunitario bat abiatu nahi du udalak, eta proposamenak aurkezteko epea ireki zuen ekainaren 26an, bezperan iragarkia GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Udalaren asmoen berri eman dute, gaur, prentsaurrekoan, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eta Iratxe Begiristain Otegi zinegotziak.

Aginagan 460 biztanle inguru bizi dira. Euskal Herriko landa-eremu askok bizi duten bilakaera antzekoa bizi du Aginagak ere, “pixkanakako gainbeheran”. Azken urteetan, hainbat erronka izan ditu Aginagak: belaunaldi berrientzako etxebizitza falta eta enplegu aukera urritasuna, tokiko zerbitzuen murrizketa eta komunitate harremanen ahultzea. “Dakizuen bezala, ordea, Aginagak herri-nortasun propioa du. Jai eta kultur aisialdiarekin lotutako egitasmo ugari egiteaz gainera, auzokideen arteko elkartasunak eta belaunaldien arteko harremanak lagundu dute Aginaga aurrera eramaten”, nabarmendu du Solaberrietak.

Aginagatarrek, zailtasun edo erronka horiei ez-ikusia egin baino, aurrez aurre begiratu eta egoera iraultzeko aukerak aztertzen aritu dira. Hala, herri eragile desberdinekin, Aztikerrekin batera, Aginagako biztanleei bideratutako galdetegi bat garatu eta zabaldu zen 2022an. Biztanleen %36,5ak parte hartu zuen (orduko 436 aginagatarretik 16 urtetik gorako 136 lagun izan ziren inkestatuak) eta herritarren kezka nagusiak ondorioztatu zituzten: oinarrizko erosketak egiteko denda baten falta, zerbitzuen galera orokorra, etxebizitza falta, garraio publiko eta komunikazio eskasa eta kale giroaren eta herriko bizitzaren falta.

Horren aurrean, herritarrek, herri eragileek eta Usurbilgo Udalak eraldatzaileak diren herri proiektuen alde egiteko beharra nabarmendu zuten, eta Aginagaren erronkei aurre egiteko beharrezkoa izango zela denen arteko lankidetza sustatzea. “Udalean gertutik jarraitu dugu prozesu hori, eta esan dezakegu Aginagaren inguruan egiten den diagnostikoa konpartitzen dugula neurri handi batean; konpartitzen ditugu egun dauden gabeziak eta arazoak, eta konponbideen bila bide eta estrategia konpartitu nahi dugu”, azaldu du Solaberrietak.

Solaberrietaren ustez, gainera, horretarako baldintza egokiak daude gaur egun, eta azken urteotan Aginagako eragile ezberdinen artean sortu diren sinergiei balioa eman die. “Udalarekin hartu-emana ere asko hobetu da, eta modu koordinatuan ari gara lanean, elkarrekin adosten zeintzuk diren hutsuneak, konpondu beharrekoak, lehentasunak zehazten...”. Hala, udalak babesa eman dio prozesu horri, eta estrategia konpartituarekin lanean ari direla azaldu du alkateak. Era berean, nabarmendu du aginagatarrek eratu berri dutela Aginagako Herri Kooperatiba, eta tokiko entitate izateko aukera ere mahai gainean dutela.

Horregatik guztiagatik, Aginagako galdeketa hartan identifikatutako beharrak asetzeko, udalak Aginaga biziberritzeko proiektu oso eta integral bat jarri nahi du martxan. Begiristainek azaldu duenez, deialdi publikoa argitaratu zuen udalak ekainaren 25ean, GAOn: “Proiektu horrek Aginagako beharrei modu komunitario eta kooperatiboan aurre egin diezaien nahi dugu”. Bihar amaituko da proiektuak bidaltzeko epea.

Udalak, bere aldetik, Usurbil Bizi: lau misio, herri bat lelopean, lau misio ezarriak ditu: zaintza, 650 Usurbil Bizi, udala, gertu eta trantsizio ekosoziala. Udalaren gobernantza ereduaren baitan auzo bizigarriak sortu nahi dira, eta horri erantzuteko proiektu eraldatzaileak behar dira, hala ulertuaz, erronka demografikoak eragindako zaintza-krisiari erantzuten diotenak; larrialdi klimatikoari aurre egiteko, herri gisa eginbeharreko trantsizio ekosoziala bultzatuko dutenak; globalizazio eta supremazia ezberdinen aurrean, tokiko garapena eta euskara eta euskal kultura sustatuko dutenak, 650 Usurbil Bizi herri proiektua ardatz hartuta; udala, herritarrengandik gertuago kokatzeko, digitalizazioa eta misioen baitako gobernantza eredu kooperatiboak sustatuko dituztenak. Horrekin bat egin beharko luke Aginagan garatuko den proiektuak ere.

Deialdira udalerriko irabazi-asmorik gabeko erakundeak aurkez daitezke. Lankidetza hitzarmenaren bidez, udal-ekipamenduak lagako zaizkio eragileari, eta Aginagako herritarren parte-hartzea sustatuz, Aginagako behar eta kezka nagusietako batzuk asetzea bilatzen du. Batetik, Eliza Zaharra: komunitatearen zerbitzurako espazio izatea izango da horren helburu nagusia, erabilera sozial komunitarioa bermatuz eta Aginagako astialdi eta kultura programatzaileen sarea zaindu eta indartuz. Bestetik, Arrate ostatua: bertan taberna, jantoki eta denda izango den bilgunea bilakatzea izango da helburua, herritarrak saretzeko eta elkar zaintzeko leku bat izan dadin nahi da, izan eskola komunitateko jendearentzat, adinekoentzat zein herritarrentzat, orokorrean. Horri lotuta, Begiristainek azaldu du udan Arrate tabernako espazioa egokituko duela udalak, eta Eliza Zaharra zaharberritzen jarraitzeko lanak sanpraixkuen ostean egingo direla.

Jasotako proiektuak baloratzeko irizpideak GAOn deialdia zabaltzearekin batera argitaratu ziren. Proiektua aurkezten duten erakundeek Aginagarekin duten lotura, ekipamendu bakoitzarentzat aurkezten diren proiektuak, bideragarritasun ekonomikoa eta giza baliabideak kudeatzeko aurkezten den plangintza, gobernantza eredua, udalaren misioekiko lerrokatzea, euskararen sustatze eta erabilpena eta genero berdintasuna dira aintzat hartuko diren irizpideak. Proiektua hautatu ondoren, dagokion irabazi asmorik gabeko erakundearekin negoziatuko dira formalizatu beharreko lankidetza hitzarmenaren baldintzak.

Begiristainen esanetan, udalak garrantzitsutzat du herri-auzo bizigarriak izatea. Orain bultzatuko duen proiektuaz gain, Aginagarako martxan diren beste pare bat lanketa gogoratu ditu: Batetik, 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren barruan, Errioaren Usurbil garatzea dugu hurrengo lehentasuna, eta, bestetik, adinekoen bizi-kalitatea hobetu eta zaintza sare komunitarioak sustatzeko egitasmoa martxan jarri berria dugu, Zabalduz kooperatibarekin”.