Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak Agerialdeko teilatua lagako dio Sortalderi, eguzki plakak jartzeko
2024·12·02
Udalak Agerialdeko teilatua lagako dio Sortalde Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateari, eguzki plakak jartzeko: azaroko osoko bilkuran onartu zuten lagapena gauzatzeko hitzarmena, aho batez. Hogei urterako lagapena izango da, 2044ko urriaren 31ra arte; hitzarmena luzatzeko aukera ere jaso dute dokumentuan. Hitzarmenaren bidez, 100 kw-eko eguzki-parke fotovoltaikoa instalatuko du Sortaldek Agerialdeko teilatuan.
Usurbilgo Udalak apirilaren 11n egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zuen bazkide laguntzaile gisa parte hartzea Sortalden, Usurbilgo energia berriztagarrien komunitatean. Sortalde, bere aldetik, instalazio fotovoltaiko bat abian jartzeko lanean aritu da: lehenik eta behin, kokapen bila, batik bat. Zubietako pilotalekuko eta Atalluko industriaguneko teilatu batean jartzeko ahaleginek ez dute fruiturik izan, eta Agerialdeko teilatuaren baldintzak ikusita, hor jartzeko aukera ikusi da: eraikinaren jabea udala denez, eta interes publikoko arrazoiak justifikatuta daudela iritzita, udalak eta Sortaldek erabilera lagatzeko hitzarmena sinatzea adostu dute.
Agerialdeko eguzki plaken bidez sortzen den energiaren kontsumoa nola banatu ere zehaztu da hitzarmenean. Kontsumitzaileak, nagusiki, Sortaldeko kideak izango dira, eta, zati batean, baita Usurbilgo Udala ere. Eskola-aldian, Sortaldeko kideek kontsumituko dute bertan sortutako energiaren %80; gainerakoa, udalak. Eskolarik gabeko aldietan, berriz, %90 izango da Sortaldeko kideentzat eta %10 udalarentzat.
Sortalde energia berriztagarrien komunitatea 30 herritarren eskutik sortu zen, udalak bultzatutako parte-hartze prozesu baten ondoren. Dena den, une oro eskaintzen dute elkartearen parte izateko aukera: izan kooperatibaren partaide gisa, bazkide kontsumitzaile gisa edo laguntzaile moduan.