Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak 850.000 euroko partida bat gordeko du Etxealdia eta Kale Nagusia lotuko dituen igogailua egiteko
2024·05·31
Usurbilgo Udalak 850.000 euroko partida bat gordeko du Etxealdia eta Kale Nagusia lotuko dituen igogailua egiteko: hala erabaki dute, aho batez, maiatzeko osoko bilkuran. Zati bat Eusko Jaurlaritzak udalari aitortutako bi dirulaguntzatatik hartu dute: proiektu hori gauzatzeko aitortutako 370.000 euroko dirulaguntza, eta beste bat, 12.750 eurokoa, Etxealdiako irisgarritasun plana osatzeko emandakoa. Gainerakoa, 466.516,66 euro, diruzaintza gerakinetik bideratu dute.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkuran azaldu zuenez, udal-taldeak inbertsio honi aurrerago eusteko asmoa zuen, baina dirulaguntza iritsi denez, aurreratzea erabaki dute. Izan ere, dirulaguntzak obraren epeei eragiten dieten bi baldintza nagusi ezartzen ditu: batetik, obrak 2024ko azarorako esleituta egon behar dute, eta, bestetik, 2025a amaitu aurretik obrak gauzatuta egon beharko du. Kontuan izan beharreko beste aspektu bat lurrarena da: igogailua jarri nahi den eremua jabego pribatukoa da, eta, beraz, beharrezkoa izango da desjabetzea. Lurren desjabetzearen epeak kontuan izateko beharra nabarmendu zuen EAJ-k; Solaberrietaren esanetan, bi lanak batera egitea aurreikusi du udalak: lizitazioa prestatzea eta lurren desjabetzeari ekitea.
Alkateak gogoratu duenez, udal-taldeak Etxealdiako auzotarrekin batera auzoaren irisgarritasuna hobetzeko plana diseinatu zuen, eta hori faseka gauzatzeko asmoa zuten. San Esteban kalearen goiko zatia egokitu eta oinezkotu ostean, bigarren faseak auzoaren beheko aldea txukuntzea izango du helburu: “Hori egin ahal izateko exekuzio proiektua idazten ari gara oraintxe”. Etxealdia eta Kale Nagusia lotzeko igogailua plan horren hirugarren fasean egitea zegoen aurreikusita.
Beste kreditu aldaketa bat
Maiatzeko osoko bilkuran beste kreditu aldaketa baten berri ere eman dute, guztira, 548.700 euro ingurukoa. “Partida batzuetan gehikuntza batzuk egin behar izan dira, eta beste partida batzuek udal-taldearen ekimen politikoari erantzuten diote”, azaldu du Solaberrietak. Azken horietako batzuk nabarmendu ditu.
- Udal artxiboaren berrantolaketa: 30.000 euro. Artxiboa txukundu, eguneratu eta digitalizatzeko lizitazioa abiatu nahi da. Jakinarazi dutenez, artxiboa udalak Atallun duen areto handi batera lekualdatuko dute lan horiek egin ahal izateko. Izan ere, udaletxeko teilatuak itoginak ditu, eta konponketa lanak egin ahal izateko ezinbestekoa da artxiboa udaletxetik ateratzea.
- Familia esku hartzeak: 20.000 euro. Aurrez 70.000 euroko partida bat gordea zuten, baina aurreikuspenetan “motz” gelditu ziren.
- Udarregi ikastolako birgaitzea: 70.000 euro. Azken solairuan hainbat obra egin behar dituzte, eta eraikinaren egiturari dagokion zatia udalak hartu behar du bere gain, udal eraikina den heinean.
- Irisgarritasun plana eguneratzea: 18.000 euro.
- Kalezarko aldapa: 104.000 euro. Lehendik gordetako 90.000 euroei gehitzeko.
- Kreditu globala: 80.000 euro. Ezustekoak sortzen direnean diru kopuru bat erabilgarri edukitzeko aukera ematen du kreditu globalak.