Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak 180.000 euro banatuko ditu, hainbat dirulaguntzatan

Hainbat dirulaguntzaren ebazpen proposamenak alegazio epean dira, uztailaren 14ra bitartean. Euskara eta aisialdiko dirulaguntzak eskatzeko epea, berriz, martxan da.

2022·07·07


Udalak hainbat udal-dirulaguntzaren ebazpen proposamenak kaleratu zituen ekainaren 29an: horien arabera, 180.685,15 euro banatuko lirateke laguntzetan. Kultura, Kirola, Hirigintza, Ingurumena eta Gizarte Zerbitzuetakoak dira ebazpen proposamen horiek. Oraingoz, alegazio epean daude, uztailaren 14ra bitartean: alegaziorik ez bada, behin-betikoz onartuko dituzte Tokiko Gobernu Batzordean, uztail amaieran.

Laguntza horiez gain, beste lerro batzuk ere gauzatze bidean dira. Batetik, 2021/2022 ikasturtean euskara ikasi dutenentzako laguntzak eskatzeko epea bihar itxiko da, uztailaren 8an, eta, bestetik, azken ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa egin dutenentzako laguntza hilaren 17an itxiko da. Horien kasuan ere, ebazpen proposamena egin eta argitaratu beharko du udalak, eta alegazio epea ireki. Bestalde, ekintzailetza bultzatzeko Hasiz Hazi bekaren lehenengo deialdiaren ebazpena kaleratzear da, eta, gainerakoak bezala, alegazio epea ireki beharko du, behin betiko onartu aurretik. Hurrenez hurren, 2.500, 24.500 eta 4.500 euro daude gordeta lerro horien bidez banatzeko.

Hona ekainaren 29an kaleratutako ebazpen proposamenaren datu orokorrak:

Kultura.

Kulturari dagokionez, bi dirulaguntza lerroren ebazpenen berri eman dute. Batetik, kultur egitasmoak gauzatzeko dirulaguntzena. Guztira, 83 ekimen laguntzeko eskaerak izan dira, eta 76 onartu dituzte: 64.515,08 euro banatuko dira, guztira. Bestetik, lehenengo aldiz banatuko den kultur sorkuntzarako lerroan 23.754,28 euro banatuko dira: hamar kultur proiektu babesteko eskaerak izan dira, eta bederatzi onartu dira.

Kirola.

Kirol sailean, hiru dirulaguntza lerroren ebazpenak eman dituzte. Kirol elkarteen ohiko kirol egitasmoak burutzeko bederatzi eskaera egin dira, eta zortzi onartu: guztira, 50.000 euro banatuko dira. Kirol egokituko jardueretarako eskaera bakarra izan da, eta 3.000 euroko laguntza izendatu diote. Kirol elkarte ez direnek kirol jarduerak burutzeko lerroan bost eskaera izan dira, eta ia 1.000 euro banatuko dira, guztira.

Hirigintza.

Hirigintzari dagokionez, bi dirulaguntza lerroren ebazpenak argitaratu dituzte. Batetik, igogailuak instalatzeko dirulaguntzetan 11 eskaera aurkeztu dira, eta guztiei onartu zaie laguntza: guztira, 10.000 euro banatuko dira. Etxebizitzen alokairurako lerroan, berriz, 3.500 euro banatuko dituzte, sei eskaeratatik bi onartuta. Gainerako lauen kasuan, bi eskari atzera bota dira alokairuaren prezioan ezarritako gehieneko muga gainditzen dutelako; beste baten kasuan udalerrian beste etxebizitza baten jabea delako, eta, azkena, eskaera epez kanpo aurkeztu duelako.

Ingurumena.

Ingurumen egitasmoak gauzatzeko lerroan, hamar eskaera jaso dira, baina baztertuak izan dira guztiak. Hamarretik zortziren kasuan, eskatzaileek diru-sarreren muga gainditzea izan da baztertuak izateko arrazoia; beste baten kasuan, ez da aintzat hartu nekazaritzako egitasmoa izateagatik eta, beste bat, eskaera epez kanpo aurkezteagatik.

Nekazaritza eta abeltzaintza.

Nekazaritza eta abeltzaintza egitasmoak gauzatzeko 12.772,46 euro banatuko dira, hamar eskatzaileren artean. Eskaera bakarra bota dute atzera, ustialekua ez dagoelako Usurbilen.

Gizarte zerbitzuak.

Gizarte zerbitzuen sailean, hiru dirulaguntza lerroren ebazpenak eman dituzte. Batetik, desgaitasuna edo mendekotasuna duten adin txikikoen osasun egoera hobetzeko tratamenduetarako dirulaguntzetan eskaera bakarra egon da, 144 eurokoa, eta osorik onartu zaio laguntza. Bestetik, gizarte zerbitzuen arloan egitasmoak burutzeko lerroan, hamabost eskaera izan dira, eta guztiei onartu zaie laguntza: guztira, 12.000 euro banatuko dira lerro horren bidez. Deserrotze eta baztertze sozialeko arriskuan dauden pertsonen senideei erantzuteko dirulaguntzen lerroan, berriz, ez da eskaerarik izan.