Eduki publikatzailea
Atzealdea Udalak 169.000 euroko dirulaguntza jaso du San Esteban kalea oinezkotzeko obrengatik
2023·07·13

Amaitu dira San Esteban kalea eraberritzeko lanak: zorua erabat berdindu dute eta lau eserleku jarri dituzte. Modu horretara, kalea oinezkoentzako irisgarriagoa izan dadin ahalbidetu dute, eta haiek izango dute lehentasuna aurrerantzean. Oraingoz, autoek ezingo dute bertatik pasatu, galtzada-harriak erabat finkatu arte.
Obraren kostua 196.800 euro ingurukoa izan da, baina aurrekontuaren zati handi bat, %86 inguru, aldundiaren dirulaguntza baten bidez finantzatuko da: udalak 169.000 euro jaso ditu kalea oinezkotzeko obrengatik.
San Esteban kalea bere osotasunean berritzeko proiektua idatzia du udalak, baina kalearen goiko zatia soilik berritu du oraingoz. Beste zatia, San Esteban kalea tren geltokirako zubiarekin lotzen duena, tren geltoki berriko obrak amaitzean egingo dute. Izan ere, San Esteban kalearen zein tren geltokiaren obrek bat egin dute denboran, eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltze aldera, bi proiektuak uztartu eta bigarren zatia ondoren egitea erabaki dute.
