Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak 15.135.194 euroko aurrekontua izango du 2025ean

2024an baino bi milioi euro handiagoa izango da udalaren aurrekontua datorren urtean: misioetara gerturatzeko, Legealdiko Planean jasotako konpromisoei eusteko eta herri-auzo bizigarriak izateko partidak nabarmendu ditu udal-gobernuak. Udalak Zapategiko garapen industrialagatik jasoko duen ezohiko diru-sarrera nabarmendu du: 860.000 euro ingurukoa izango da.

2024·12·02


Usurbilgo Udalak 15.135.194 euroko aurrekontua izango du 2025ean, 2024an baino 2.120.000 euro handiagoa: udalak inoiz izandako aurrekonturik altuena izango da. Gizartearen gaur egungo erronkei erantzuteko ezarritako misioetara gertu, Legealdiko Planari bultzada eman eta herri-auzo bizigarriak izateko partidak nabarmendu ditu udal-gobernuak: horren arabera osatu ditu 2025eko aurrekontuak. Azaroko osoko bilkuran onartu dituzte, EH Bilduren aldeko botoekin; EAJk aurka bozkatu du, eta PSE-EEk abstentziora jo du.

Diru-sarreren igoera, nagusiki, hiru arrazoirengatik izan da. Batetik, Michelin ondoko Zapategi eremuaren garapen industrialaren bidez, 861.189 euro jasoko ditu udalak, datorren urtean. Garapen horrek hainbat gorabehera izan ditu azken urteotan, eta oztopo guztiak gaindituta, aurrera egingo du, azkenean. Bestetik, aldundiaren Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik 5.703.651 euro jasoko dira, 2024an baino 465.000 euro gehiago. Azkenik, Gauzatu Energia programako maileguaren bidez, 300.000 euro jasoko dira: Eusko Jaurlaritzak bideratutako mailegua da, interesik kobratzen ez duena, eta kaxkoko argiteria guztia LED-era pasatzeko baliatuko da. “Azken urteotan faseka aritu gara, eta datorren urtean jauzi kualitatibo bat eman nahi dugu eraginkortasun energetikoaren alorrean”, nabarmendu du udal-gobernuak. Inbertsioaren ingurumen inpaktuaz gain, inpaktu ekonomikoa ere izango du argiteria publikoaren gastuan.

Ordenantza fiskaletan KPIaren araberako %2,6ko igoera orokorra ezarri da, prezioen garestitzeak udalari ere zuzenean eragiten diolako. Zenbait tasatan, dena den, igoera handiagoa izango da. Hondakinen kasuan, praktika okerrak zigortzea erabaki da, eta horrek %15eko igoera izango du diru-bilketan: guztira, 680.000 euro jasotzea aurreikusten da. Uraren kasuan, iaz hasi zen udala arazketagatik kobratzen, eta aurten %20ko igoera izango du: guztira, 521.000 euro jasotzea aurreikusten da. Etxebizitza hutsei %150eko errekargua ezarriko zaie OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, alokairura ateratzea bultzatzeko neurri gisa: iaz 25.000 euro jasotzea aurreikusi zen, eta 2025ean, errekargua handituta, 82.000 euro.

Zergetan igoera orokorra aplikatuko bada ere, hobari sistemak martxan jarraitzen duela gogorarazi du udal-gobernuak. Duela bizpahiru urte, hobariak eskuratzeko irizpideak zabaldu zituzten, eta gaur egun 200 familia inguru dira hobaridunak.

MISIOEN ARABERAKO UDAL JARDUNA

Egungo gizarteak dituen erronkei aurre egiteko lau misio ezarriak ditu udalak, eta misio horietara hurbiltzeko partidak gorde ditu udal-gobernuak.

Zaintza: 390.200 euro

Pertsona ardatz duen arreta eredua ezartzeko eta hori bermatuko duen zaintza-ekosistema eraikitzeko lanetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira azken urteetan. Orain, udaleko Gizarte Zerbitzuen saila trantsizio betean da, pertsona bat – zaintza plan bat ikuspegitik lan egiteko, menpekotasun balorazioen araberako zerbitzuen logika alboratuta.

Horri jarraiki, hiru egitasmo berri jarriko dira martxan 2025ean. Batetik, auzo-zaintza proiektu pilotu bat jarriko da martxan, Zabalduz kooperatibarekin, egoera hauskorrean dauden herrikideen integrazio komunitarioa sustatzeko. Bestetik, Matiarekin elkarlanean, bizi osorako etxebizitzak eskainiko dira. Halako sei unitate eraikitzen ari dira Egurtzegin, eta udalak seitik lau eskainiko ditu. Etxebizitza eredu berri bat da, zaintza ekosisteman integratua egongo dena: zaintza behar dutenei eta haien zaintzaileei bideratuko zaie, eta zaintza ekosistemaren baliabideak erabilgarri izango dituzte.

Era berean, etxez etxeko zerbitzua eraldatzeko urratsa egin nahi da, inbertsio garrantzitsua eginez: 180.000 euro bideratuko dira horretarako.

Udala, gertu: 625.000 euro

Udalaren digitalizazioan sakontzeko eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzeko hainbat neurri jaso dira. Digitalizaziorako 226.000 gorde dira, hainbat neurriren bidez: informatikari laguntzaile bat kontratatzea, udal lokaletako giltza sistema berriz ezartzea, IZFEren zein Linea 3000ren zerbitzuak kontratatzea, udal webguneen mantenua bermatzea zein ordenagailu berriak erostea. Udaletxeko teilatua konpondu eta espazioa berrantolatzeko 180.000 euro bideratu dira 2024an, eta 2025ean beste urrats bat egingo da: Barrenkaleko lokala egokituko da, Gizarte Zerbitzuen eta Udaltzaingoaren egoitza izan dadin. Horrek udaletxean espazioa irabaztea eta arreta hobetzea ahalbidetuko du: 384.000 euro bideratuko dira.

Trantsizio ekosoziala: 438.000 euro

Energiaren alorrean egingo dira, batik bat, klima aldaketaren erronkari aurre egiteko inbertsioak. 2021ean herriko argiteria aztertu eta proiektu bat landu zen, energia kontsumoa gutxitu eta eraginkorragoak diren sistemak aztertzeko. Ordutik, urtero gorde da argiteria publikoa LED-era pasatzeko partida bat, eta 2025ean herriguneko argiteria guztia aldatu asmo du udalak, 300.000 euro bideratuta. Guztira, 2.255 argi puntu daude herrian: horietatik 942k LED teknologia dute (%41), eta 2024an bideratutako 180.000 euroekin beste 442 puntu aldatuko dira: Santuenea-Atallun, Atxegalden, Artzabalen, Munalurran eta Galtzaragainan. 2024ko eta 2025eko inbertsioak aintzat hartuta, argiteria guztiaren %95 aldatuta geldituko da: teknologia horrek %60 eta %70 arteko aurrezpena eragin dezake energiaren kontsumoan, eta, dirutan, bi urteko epean, urtean 193.000 eurotik 100.000 euro ordaintzera igaroko da udala.

Inbertsio gehiago ere egin nahi dira trantsizio ekosozialerako bidean. Energia aurrezteko bestelako inbertsioetarako 30.000 euro gordeko dira; Usurbil 0.0. programaren bidez, hondakinen kudeaketa osasungarri eta jasangarrirako 30.000 euro bideratuko dira; fosa septikoak eraikitzeko 10.000 euroko dirulaguntza berria, auto konpartitu berrirako 10.000 euro; 2030 ingurumen agendarako 25.000 euro; Kale Irekiak prozesutik eratorritako plana gauzatzen jarraituz, herriguneko mugikortasuna berrantolatzeko proiektua idazteko 18.000 euro gorde dira. Azkenik, trantsizio ekosozialaren misioa finkatzeko parte-hartze prozesuan proposatutako neurriak garatzeko 15.000 euro gorde dira, zehazki, bertako ekoizpena sustatzeko neurrietarako.

650 Usurbil Bizi: 184.000 euro

2025ean Errioaren Usurbil lerroa landu nahi da, Aginagan ontziraleku bat eraikita, erriorako sarbide publikoa ahalbidetuko duena, lursail bat erosita. Guztira, 150.000 euro inguruko inbertsioa izango da. Errioari lotutako eskaintza osatzea da asmoa, natura, aisialdia eta kultur ondarearen transmisioa uztartzeko: hori guztia bertako elkarteekin batera osatu nahi da, elkarlanean. Bestelako partidak ere gorde dira, eta 2025ean, gainera, proiektuaren dinamizazioa lizitatzea egokituko da.

LEGEALDI PLANEKO EGITASMOAK

Udalak inbertsioetara bideratzeko 1,9 milioi euro izango ditu 2025ean, eta, horri esker, Legealdiko Planeko konpromisoei eusteko hainbat partida gorde ahal izan dira. Izatez, 2024an martxan jarri dira horietako zenbait, 2024ko aurrekontuetan aurreikusi ez zirenak, eta 2025ean ere jarraipena izango dutenak. Batetik, Elkargunea eraikitzeko 2.500.000 euro gorde dira aurten, mailegua eskatuta, eta beste 18.000 euro bideratuko dira eraikina izan bitartean proiektua dinamizatzen jarraitzeko. Bestetik, haur eskolarako 200.000 euro gorde dira aurten, eta 2025ean eta 2026an, beste 400.000na euro bideratuko dira, bakoitzean. Udaletxeko teilatua konpondu eta espazioa berrantolatzeko 150.000 euro gorde dira aurten, eta beste 55.000 euro bideratuko dira 2025ean. Espero gabeko dirulaguntza bati esker, Kale Nagusia eta Etxealdia lotuko dituen igogailurako 850.000 euro bideratu dira aurten. “2025ean bultzada erabakigarria emango diogu Legealdiko Planari”, nabarmendu du udal-gobernuak.

Datorren urterako egitasmo gehiago ere jaso dira. Esaterako, Bizkarreko skate park-a berritzeko 150.000 euro bideratuko dira. Kultur agendaren zein bestelakoen berri emateko tresna izango den panel digitalerako 15.000 euro gorde dira. Beste hainbeste bideratuko da herriko barandak osatzera. Hoditeria berritzeko 40.000 euro gorde dira, eta 80.000 euro bideratuko dira asfaltatze lanak egiteko. Emakumeon Etxeko programazioa garatzeko 40.000 euro bideratu dira, eta misioen araberako gobernantza eraikitzeko lizitaziorako, 20.000 euro.

HERRI-AUZOETAKO INBERTSIOAK

Herri-auzo bizigarriak helburu, hainbat partida gorde dira. 52.000 euro bideratuko dira Kalezarrera, Aranerrekako zubi berria egin eta Haranerako bidea txukundu eta argiztatzeko. Santuenearako 68.000 euro gorde dira, Auzo Plana garatu eta urbanizazio proiektua idazteko. Aginagarako, 152.000 euro bideratuko dira: 40.000 euro Eliza Zaharra Elkargunearen proiektua garatzen jarraitzeko, 88.000 euro ontziralekua egiteko eta 24.000 euro zoladurak konpontzeko. Txokoalden, zubia berritzeko 100.000 euro bideratuko dira, eta beste 24.000, Galardin semaforoa eta zebrabidea jartzeko. San Estebanerako 45.000 euro gorde dira, 30.000 euro hondoraketak konpontzeko eta 15.000 euro Igartzazabaleko bidea konpontzeko. Etxealdian, igogailuaren 850.000 euroez gain, San Esteban kalea amaitzeko 210.000 euro bideratuko dira. Atxegalderako 15.000 euro gorde dira, asfaltatze lanak egiteko.

DIRULAGUNTZAK

2024ko aurrekontuetako pareko kopurua bideratuko da udal dirulaguntzetara 2025ean ere: 1.184.285 euro, 2024an baino 23.250 euro gehiago. Dirulaguntza lerro guztiak mantentzeaz gain, bi lerro berri sortu dira, nekazaritzan: fosa septikoak egiteko dirulaguntza eta sagastien landaketarako eta mantenurako dirulaguntza. Sailka, honako kopuruok banatuko dira:

Antolakuntza, 5.000€; Idazkaritza, 60.050€; Kultura, 231.700€; Euskara, 147.600€; Kirola, 139.000€; Hirigintza, 30.000€; Gazteria, 4.500€; Garapen agentzia, 178.500€; Hezkuntza, 73.650€; Ingurumena, 138.000€; Nekazaritza, 62.245€; Gizartekintza, 122.260€; Parekidetasuna eta Aniztasuna, 54.780€.

Lerro gehienak deialdi ireki bidez banatzen dira, eta beste zenbait herriko taldeekin aurrez hitzartuak izaten dira: Zumarte (64.600€), auzoetako jai batzordeak (51.000€, seiren artean), Eskola Kirola eta Zirimara (63.000€), Orbeldi dantza taldea (14.000€), Buruhandien Konpartsa (13.000€), Noaua (74.000€), AEK (15.000€), Hurbilago (25.000€) eta jubilatu elkarteak (25.000€, hiruren artean).

Gastuak, kontzeptu orokorren pean

Kontzeptu orokorretan azaldutako gastuen azalpena ere eman du udal-gobernuak. Pertsonal gastuetara 5.210.000 euro bideratuko dira, hau da, aurrekontu osoaren %34,43. Berritasun gisa, udalaren digitalizazioan sakontzeko informatikari laguntzaile bat kontratatuko da, eta kontu hartzailetza saila ere indartu egingo da, diruzain postua sortuta. Gastu arruntetara 6.233.000 euro bideratzea aurreikusten da, aurrekontu osoaren %41,19: bertan biltzen dira, besteak beste, lizitazioak (kiroldegiko zerbitzuenak, haur eskolakoa, artxiboarena zein etxez etxeko zerbitzua eraldatzekoa). Finantza gastuetara 105.000 euro bideratuko dira, aurrekontuaren %0,7: 2024an eskatutako maileguaren interesak ordaintzen hasiko da udala. Transferentzia arrunt edo dirulaguntzetarako 1.184.000 euro jaso dira, aurrekontuaren %8. Azken urteetan bezala, 2025ean ere 100.000 euroko kreditu globala izango da, espero gabeko beharrei aurre egin ahal izateko, aurrekontu osoaren %0,66. Inbertsio ahalmen handia izango du udalak datorren urtean, 1,9 milioi eurokoa, alegia, aurrekontu osoaren %12,71. Kapital transferentzietan 163.000 bideratuko dira (aurrekontu osoaren %1,08): horien bidez ematen dira igogailuak instalatzeko dirulaguntzak, eta horren barruan sartzen da, baita ere, Txokoaldeko zubia berritzeko udalak hartutako konpromisoa. Finantza pasiboetan sartzen dira maileguen amortizazioak: 214.000 euro bideratuko dira, aurrekontu osoaren %1,41.

Oposizioaren emendakinak

EAJk, bere aldetik, emendakin bat egin zion aurrekontu proposamenari, baina udal-gobernuak ez zuen ontzat eman. Udal haur eskola Partzuergora sartuta aurreztuko litzatekeen diru kopuru bat kalkulatu eta horrekin Zubietako bidegorriaren proiektua sustatzea eskatzen zuen emendakinaren bidez. Udal-gobernuaren ustez haur eskolarena ez da aurrekontuen eztabaidan sartzeko gaia: ez du emendakina onartu, eta EAJk aurrekontuen aurka bozkatu du. PSE-EEk, berriz, bi emendakin egin ditu, eta bat onartu zaio, asfaltatze kanpaina indartzekoa. Esker oneko hitzak izan ditu, baina abstentziora jo du, udalak eskatu berri duen maileguak zalantzak sortzen dizkiolako eta udal-zergak eta tasak izoztearen aldekoa delako.