Eduki publikatzailea

Atzealdea Udala kudeaketa txostenak argitaratzen hasi da, bere jardunaren berri emateko

Udalak egunerokoan egiten duen lanaren laburpen dokumentuak dira kudeaketa txostenak: batzorde informatzaileetan landu ostean, udalaren webgunean jarriko dira eskuragarri, hilabetean behin.

2024·02·27


Udala kudeaketa txostenak argitaratzen hasi da, gardentasunean sakontzeko helburuarekin. Izan ere, kudeaketa txostenak bere jardunaren berri ematen duten dokumentuak dira. Barne funtzionamendu berriarekin batera hasi ziren udaleko sail guztiak kudeaketa txostenak egiten: hainbat hilabetez barne mailan soilik erabili ostean, publiko egiten hasi da orain. Udalaren webgunean orrialde propio bat sortu dute txosten horiek argitaratzeko, kontsultatu nahi duen ororentzat eskuragarri: lehenengoak bertan daude dagoeneko, 2024ko urtarrilekoak.

Funtzionamendu berriarekin, udaleko sail guztiak hiru batzorde informatzailetan biltzen dira: herritarrak (euskara, gizarte zerbitzuak, kirola, hezkuntza, parekidetasuna, aniztasuna eta udaltzaingoa), lurraldea (ingurumena, hirigintza, obrak eta zerbitzuak) eta antolaketa (ogasuna, idazkaritza, pertsonalgoa, administrazio elektronikoa eta komunikazioa). Horren helburu nagusia sailen arteko komunikazioa eta elkarlana hobetzea da. Izan ere, aurreko legealdira arte, sail bakoitzak bere batzorde informatzailea egiten zuen; orain, nork bere sailean lan egiten jarraitzen badu ere, batzorde informatzaile zabalago horietan biltzen dira, elkarren berri izan eta elkarlana errazteko helburuarekin.

Hilean behin, batzorde bakoitzak bere kudeaketa txostena egiten du, aurreko hilabeteko datuekin. Hau da, otsailean urtarrileko txostena egin dute; martxoan otsailekoa egingo dute, eta abar. Eta, horrenbestez, hilabetero hiru kudeaketa txosten berri sortzen dira. Orain publiko jarri dituztenak urtarrileko txostenak dira.

Hainbat hilabete daramatzate dokumentu horiek osatzen, barne mailan, eta orain publiko egiten hasi dira, horixe izan baita kudeaketa txostenen bokazioa, hasieratik. Udalean egiten den lana ezagutarazteko eta, beraz, gardentasunean sakontzeko balio dute txosten horiek, herritarrei zein oposizioari begira.