Eduki publikatzailea
Atzealdea Udala Haurreskolak Partzuergoan integratzeko prozesua amaitzear da, hitzarmena onartuta
2026·07·24

Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak lankidetza hitzarmena sinatu dute, uztaileko osoko bilkuran aho batez onartu ostean. Haur eskola zerbitzua partzuergoak emateko integrazio prozesua amaitzear da: hitzarmena onartzea da udalari dagokion azken urratsa. Hala, 0-2 urte artekoentzako haur eskola zerbitzua Partzuergoak emango du, irailetik aurrera.
Udalbatzak martxoko osoko bilkuran onartu zuen Usurbil Haurreskolak Partzuergoan integratzeko eskaera. Partzuergoak udalaren eskaera onartu ostean, Usurbilgo haur eskolari dagozkion baldintzak zehazteko lanean aritu dira, eraikinari eta zerbitzua emateko beharrezkoak diren langileei lotutakoak, batik bat. Hori da, hain justu, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenean jaso duten edukia.
Usurbilgo haur eskola Kalezarren kokatuko da. Eraikina berritzeko prozesua martxan dago, ordea, eta bitartean, Udarregi ikastolan ematen da zerbitzua, behin-behinean: hala jaso dute hitzarmenean ere. Eraikinaren jabea udala da, eta bere gain geldituko da instalazioen mantenua, garbiketa eta zaintza. Hizkuntzari dagokionez, D eredukoa izango da, eta lau unitate izango ditu: bina 0-1 eta 1-2 zikloetan, guztira, 16 eta 26 plazarekin, hurrenez hurren. Langileei dagokienez, haur eskolan lanean dauden zazpi hezitzaile subrogatuko ditu Partzuergoak.
Obrarako esleipena, abian
Kalezarko haur eskola birgaitzeko esleipena martxan dago, uztailaren 28ra arte. Proiektuak 998.774,86 euroko balioa du, BEZ barne. Esleipena irailean ebaztea espero da: kontratua sinatuta, esleipendunak sei hilabeteko epea izango du obrak egiteko.
Udala proiektua lantzen hasi zenetik hainbat aldaketa izan ditu, batik bat, haur eskola zerbitzuaren kudeaketa argitzeari lotuta. Zalantzak ebatzita, proiektua egokitu zuen udalak, eta hori atera du esleipenera. Fatxada eta lehenengo bi solairuak egokituko dira: azken solairua ez da egokituko, baina etorkizuneko beharrei erantzuteko gordeko da. Azken urteetan jangela gisa erabili izan den espazioa ireki egingo da, eta haur eskolaren zein herritarren beharretarako erabili: espazio estali eta ireki bat eta komun publiko bat izango ditu.
50.000 euroko kalte-ordainak
Udal haur eskolaren zerbitzua ikastolari esleitua zion udalak, hiru urterako: kontratu hori amaitzeko urtebeteren faltan udala Partzuergoan integratuko denez, horri dagokion kalte-ordainak onartu dituzte, osoko bilkuran: udalak 50.000 euro ordainduko dizkio ikastolari, hainbat kontzepturengatik.
