Eduki publikatzailea

Atzealdea Udal Larrialdietarako Plana onartu dute, aho batez

Arriskuak identifikatu, prebentziozko jarduerak aurreikusi eta larrialdi baten aurrean eman beharreko pausoak jasotzen dira, besteak beste. Udaltzaingoak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren laguntza izan du plana eguneratzeko.

2025·06·27


Udal Larrialdietarako Plana onartu dute, aho batez, ekaineko osoko bilkuran. Usurbil, legez, ez dago behartuta halako plan bat izatera, 20.000 biztanle baino gutxiago dituelako; 5.000 biztanletik gorako udalerriei edukitzea aholkatzen zaie, ordea. Udalak larrialdietarako plana egin zuen 2014an, eta ordukoa eguneratu dute orain: Udaltzaingoak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren laguntza izan du.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez, larrialdi klimatikoko testuinguruan, “oso beharrezkoa” da halako plan bat onartua izatea, zer gerta ere. Planaren sarreran hala jaso dute: “Gaur egun, zoritxarrez, gero eta maizago gertatzen dira arrazoi naturalen nahiz akats teknikoen edo gizakien akatsen ondoriozko istripu, hondamen eta hondamendiak gure gizartean. (...) Beraz, beharrezkoa da larrialdiko egoera horiei erantzuteko antolaketa bat, sinplea, malgua, azkarra eta eraginkorra izatea”.

Planak hainbat atal ditu, besteak beste, larrialdietan esku hartzeko antolamendu-egitura eta prozedurak nola eratu, arriskuak eta elementu ahulak identifikatu eta aztertu eta arriskuak saihestu edo gutxitzeko prebentzio neurriak zehaztu. Solaberrietak azaldu duenez, osoko bilkurara eraman aurretik, plana EAEko Babes Zibilerako Batzordeari igorri zioten, eta haien onespena jasota landu dute gaia.

Aurrerantzean, urtero berrikusi beharko da plana, eta egiturazko aldaketaren bat bada osoko bilkurak bere onespena eman beharko dio.