Eduki publikatzailea
Atzealdea Udal-langileen erabilerarako auto berria du udalak
2026·04·23

Udal-langileen erabilerarako auto berria du udalak. Ibilgailu erabat elektrikoa da, eta udal-langileen laneko joan-etorriak egiteko izango da. Auto berriak duela bost urte auto partekatuarentzat prestatu zen leku berean du hornidura zutoina, Kale Nagusian, udaletxeko plazaren aurrean: leku hori, aurrerantzean, auto berriarentzat soilik gordeko da, eta bestelako ibilgailuek ezingo dute bertan aparkatu.
2021ean herritarren zein udal-langileen erabilerarako martxan jarri zen auto partekatua bertan behera uzteak eragin nabarmena izan zuen udal-langileentzat. Alokairuan hartu zuen kotxe hura udalak, eta bi urteren ostean, alokairu kontratua asko garestitu nahi zuen hornitzaileak: horixe izan zen bertan behera uzteko arrazoia. Autoaren beharra ez da desagertu, ordea, eta hainbat aukera aztertu eta ahalegin egin ostean, udal-langileen erabilerarako izango den autoa eskuratu du udalak, alokairuan, behar horrek bultzatuta.
EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 legearen arabera, 2020tik aurrera administrazio publikoek erosten dituzten ibilgailu guztiek ordezko erregaiak erabili beharko dituzte. Horrez gain, ordezko erregaiak erabiltzea sustatzeko betebeharra dute, ingurumen inpaktua arindu eta beren ibilgailu-flotaren petrolioarekiko mendekotasuna gutxitzeko. Auto berria, hain zuzen, erabat elektrikoa da, 2023 amaieran brigadaren beharretarako erosi zen furgonetaren antzera.
Horrekin batera, misioen araberako gobernantza ereduaren barruan, udalak trantsizio ekosozialera begirako misioa ezarria du, eragileekin eta herritarrekin batera: 2030. urterako Usurbil klimatikoki neutroa izango den herria bihurtzea, balioen eraldaketan, mugikortasun eredu jasangarrian, baliabide naturalen zaintzan eta bertako kontsumo eredu arduratsuan oinarrituko den trantsizio justua garatuz.
- Horrez gain, honako helburu hauek ere finkatuak ditu:
- 2030. urterako Usurbilen sortzen diren hiri hondakinak %10 gutxitzea.
- 2030. urterako energia kontsumoa %40 gutxitzea eta energia berriztagarrien kontsumoa %40 handitzea.
- 2030. urterako 10 minututan oinez edo bizikletaz mugitu daitekeenean kotxerik ez erabiltzea.
- 2030. urterako autoaren erabileraren isurketak gutxitzea.
- 2030. urterako tokiko merkataritzan eros daitekeenaren %60a herrian bertan erostea
Auto berria eskuratzeak, beraz, trantsizio ekosozialerako ezarritako misio eta helburuekin bat egiten du.
