Eduki publikatzailea
Atzealdea Udal-langileen 2025 eta 2026 urteetako soldaten igoera onartu da, aho batez
2025·12·19

Udal-langileen 2025 eta 2026 urteetako soldaten igoera onartu dute, aho batez, abenduko osoko bilkuran: %2,5ekoa aplikatuko da aurtengo soldatetan, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginarekin, eta %1,5ekoa onartu da datorren urterako; 2026 amaieran KPI Kontsumo Prezioen Indizea %1,5 edo handiagoa bada, beste %0,5 igoko dira soldatak.
Espainiako Gobernuak eta sindikatuek izandako negoziazioen ondotik onartu dira langile publikoen soldatak: errege dekretu batean jaso dituzte igoerak. Eudelek igoera horiek aplikatzeko gomendioak eman ditu, eta udaleko negoziazio mahaian adostuta landu dute soldata igoeren gaia abenduko osoko bilkuran.
Udal-gobernuak argitu zuenez, Espainiako Gobernuaren eta sindikatuen negoziazioen ondorioz 2025-2028 artean soldatak %11 igoko zirela zabaldu zen komunikabideetan; erabakia jasotzen duen errege dekretuak, ordea, 2025 eta 2026 urteetako igoerak soilik jaso ditu, eta hori da oraingoz onartu dena.
