Eduki publikatzailea

Atzealdea Udal-langileak hautatzeko prozesuetan tasa bat ezartzea onartu dute, osoko bilkuran

Egonkortze Legea dela eta, udalak eskainiko dituen 26 lanpostuetarako izen-emate masiboak aurreikusita, 10 euroko tasaren helburua izango da lan karga gehigarria “neurri batean” finantzatzea eta Usurbilgo Udalean lan egiteko “benetan interesa dutenek” izena ematea.

2022·06·24


Udal-langileak hautatzeko prozesuetan tasa berri bat ezartzea onartu zuten, atzo, ekaineko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJk abstentziora jo zuen. Egonkortze Legeak eragindako udal-langileak hautatzeko prozesuen harira hartu dute erabakia, negoziaketa batzordearekin eta langileen komitearekin kontrastatuta, datozen bi urteetako lan karga ohikoa baino handiagoa izango dela aurreikusita. Hala, prozesu horietan izena emateko beharrezkoa izango da 10 euroko tasa ordaintzea, ordenantza fiskaletan jasotako murrizketa edo hobarien onuradunek salbu.

Udalak maiatzean onartu zuen 26 lanpostu egonkortzeko Lan Eskaintza Publikoa. Lanpostuaren arabera, lehiaketa-oposaketa (azterketa) bidez edo meritu lehiaketa hutsez egingo dira prozesu horiek. Usurbilgo Udalak onartutako eskaintzaren kasuan, gehienak, meritu lehiaketa hutsez egingo dira: 25, hain zuzen; bakarra izango da, beraz, azterketa bidez ebatziko dena.

Prozesuak meritu lehiaketa hutsez egiteak esan nahi du ez dela azterketarik izango eta curriculum-ak aurkeztea nahikoa izango dela lanpostu horietara aurkezteko. Hori dela eta, izen-ematea “masiboa” izango dela aurreikusi dute, eta, ondorioz, ezohiko lan karga gehigarria izango dela datozen bi urteetan (epemuga hori ezartzen du Egonkortze Legeak). Hala, 10 euroko tasa ezartzeak bi helburu beteko ditu, Beñat Larrañaga zinegotziaren esanetan: “Batetik, lan bolumen gehigarriak suposatuko duen kostu ekonomikoari aurre egitea, neurri txiki batean bada ere, eta, bestetik, prozesuetara aurkezten direnek benetan interesa izan dezatela Usurbilgo Udalean lan egiteko”. Salbuespenak ere izango dira, ordenantza fiskaletan aurreikusitako murrizketak edo hobariak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenentzat (familia ugarien kasuan, eta abar).

Prozesuak modu mailakatuan ateratzeko egutegia diseinatzen ari dira. Dagoeneko, bi kolpe handi aurreikusi dituzte: administrari postuei eta brigadetako langileei dagozkienak. Titulazioari dagokionez, sarbide baldintzak xumeagoak dira horien kasuan, eta gainera, lanpostu gehiago daude eskaintzeko sail horietan.

Udalbatzak hartutako erabakiarekin, Egonkortze Legeak eragindako udal-langileak hautatzeko prozesuetan zein araua indarrean den bitartean egin litezkeen Lan Eskaintza Publiko arruntetan ere aplikatuko litzateke 10 euroko tasa; barne-promozioak, aldiz, salbuetsita geldituko dira. Dena den, arauaren indarraldia mugatua izango da, Egonkortze Legea indarrean den bitartean: hori amaitzen denean, udalean ezarritako tasa ere indargabetu egingo dute.