Eduki publikatzailea

Atzealdea Udal-hobariak: 64 herritarri aitortu zaie onuradun izaera, lehenengo hiruhilekoan

Onuradun izaera aitortu zaien 64 herritarretatik 50ek %90eko hobaria eskuratu dute: hau da, hobariak aplikatzen zaizkien zerbitzuengatik tasen %10 soilik ordaindu beharko dute. Udajolasen matrikulan hobaria eskuratu ahal izateko, izena ematerako aitortua izan beharko dute onuradun izaera.

2022·04·07


Udal-hobari berrien lehenengo hiruhilekoko datuak eman ditu udaleko kontu-hartzailetzak: urtea hasi zenez geroztik, 91 herritarrek egin dute hobariak jasotzeko eskaria, eta horietatik 64k jaso dute aldeko ebazpena; 27k, ezezkoa. Onuradun izaera aitortu zaien 64 horietatik, 50 herritarri %90eko hobaria dagokie, eta, beraz, hobariak aplikatzen zaizkien zerbitzuengatik tasen %10 soilik ordaindu beharko dute. Beste 12ri %75eko hobaria aitortu zaie, eta beste 2ei, %50ekoa.

Tasa eta prezio publiko bidezko oinarrizko zerbitzuak jasotzeagatik ordaindu beharreko kuotetan aplikatzen diren onura ekonomikoak dira hobariak, eta, hain justu, 2022ko urtarrilaren 1az geroztik, udal-zerbitzu gehiagotan aplikatzen dira, 2021eko iraileko osoko bilkuran udalbatzak hala erabakita. Hobariak honako zerbitzuei aplikatzen zaizkie: ur hornidura, hondakinen bilketa eta tratamendua (etxebizitzei dagokien tarifa finkoari lotuta), estolderia, hiletak (ehorzketak eta hobitik ateratzea, panteoikoak izan ezik), udal-baratzeen erabilera, Oiardo kiroldegiko abonuak eta ikastaroak, Haur Eskola eta Udajolas. Hobarien onuradun izaera aitortzen zaienez gero, zerbitzu horietan guztietan aplikatuko zaizkie hobariak herritarrei.

Kontu-hartzailetzatik ohartarazi dutenez, Udajolas udaleku irekietan hobariak jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da onuradun izaera aitortua izatea izena eman aurretik. Hobariak jasotzeko eskaria egitetik ebazpena jasotzera, gutxienez, hamabost eguneko tartea behar izaten da, eta, gehienez, hilabete inguru. Dena den, aste santuko oporrak tarteko, interesa duten herritarrei ahalik eta azkarren eska ditzaten gomendatu diete: “Udajolaseko izen ematea apirilaren 25etik maiatzaren 5era bitartean izango da, biak barne: hobariak aurtengo Udajolasetan aplikagarri izateko, maiatzaren 5erako erabakita egon behar du udal-hobarien eskariak”.

Udalean aurrez aurre edo telematikoki eska daitezke hobariak (zergak, tasak eta isunak atalean). Hobarien inguruko informazio guztia biltzen duten esku-orriak udalean bertan eska daitezke, edo, bestela, lotura honetan deskargatu.