Eduki publikatzailea

Atzealdea Udal-hobariak: 45 herritarri aitortu zaie hobarien onuradun izaera, lehen hilabetean

Onuradun izaera aitortu zaien 45etik 31 herritarrek %90eko hobaria eskuratu dute: hau da, hobariak aplikatzen zaizkien zerbitzuengatik tasen %10 soilik ordaindu beharko dute.

2022·02·28


Tasa eta prezio publiko bidezko oinarrizko zerbitzuak jasotzeagatik ordaindu beharreko kuotetan aplikatzen diren onura ekonomikoak dira hobariak, eta, hain justu, 2022ko urtarrilaren 1az geroztik, udal-zerbitzu gehiagotan aplikatzen dira, 2021eko iraileko osoko bilkuran udalbatzak hala erabakita. Hobariak eskuratzeko urtarrilean jasotako eskaerak ebatzi zituen lehengo astean udalak: 60 eskaeretatik 45 onartu ditu, eta gehienek (31 eskaera) %90eko hobaria jasoko dute.

Udal-hobari berrituak martxan dira urtarrilaren 1az geroztik. Horien onuradun izateko, hainbat baldintza bete behar dituzte herritarrek: betetzen diren kasuetan, bizikidetza-unitateek, kide kopuruaren eta diru-sarreren arabera, %50eko, %75eko edo %90eko hobariak eskura ditzakete. Hau da, zerbitzu horiengatik ordaindu beharko dutena %50, %25 eta %10 izango da, hurrenez hurren.

Urtarrilean, guztira, 60 herritarrek egin dute hobarien onuradun izateko eskaera. Horietatik 45i aitortu zaie hobariak jasotzeko eskubidea; gainerako 15ek ez zituzten baldintzak betetzen. 45 herritar horietatik 31k %90eko onura jasoko dute azpian zerrendatutako zerbitzuengatik (12k %75ekoa eta gainerako biek %50ekoa).

Hobariak honako zerbitzuei aplikatzen zaizkie: ur hornidura, hondakinen bilketa eta tratamendua (etxebizitzei dagokien tarifa finkoari lotuta), estolderia, hiletak (ehorzketak eta hobitik ateratzea, panteoikoak izan ezik), udal-baratzeen erabilera, Oiardo kiroldegiko abonuak eta ikastaroak, Haur Eskola eta Udajolas. Hobarien onuradun izaera aitortzen zaienez gero, zerbitzu horietan guztietan aplikatuko zaizkie hobariak herritarrei.

Udalean aurrez aurre edo telematikoki eska daitezke hobariak (zergak, tasak eta isunak atalean). Hobarien inguruko informazio guztia biltzen duten esku-orriak banatu zituen udalak etxez etxe: nahi izanez gero, udalean bertan eska daitezke, edo, bestela, lotura honetan ere deskarga daiteke.