Eduki publikatzailea
Atzealdea Udal haur eskolak
2024·12·23
Aretxabaleta, Ordizia, Usurbil, Pasaia eta Oiartzungo alkateok abenduaren 13an Eusko Legebiltzarrean izan ginen, Jaurlaritzak udal haur eskolen dirulaguntza eteteko hartu duen erabakiarekin gure desadostasuna azaltzeko. Aldebakarrez hartutako erabakia izan da: elkarlana ez da bilera batera deitu eta “datorren urtean dirulaguntzak moztuko ditugu” esatea. Elkarlanak hezkuntza proiektuez luze eta zabal hitz egitea ekarri behar luke; haurrak, familiak, langileak eta hezkuntza komunitateko kide guztiak entzutea; gure proiektuak ezagutzea eta, aldaketarik balego, adostasunez aritzea...
Hori jasotzen zen, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrean iazko irailean EAJk, PSOEk eta EH Bilduk hitzartu zuten akordioan. Ondorioz, ezustean harrapatu gaitu oraingo Hezkuntza Sailaren erabakiak, Eusko Legebiltzarraren mandatuaren kontra dihoalako. Jaurlaritzak zenbakien arabera hartzen ditu erabakiak eta udalok izen-abizenak dituzten herritarrekin egiten dugu lan. Horri esker, badakigu herritarrek nola baloratzen dituzten eskaintzen ditugun zerbitzuak: udal haur eskolen balorazioa oso ona da.
Usurbilen, hezkuntza komunitatearekin adostu dugu azken hilabete luzeotan haur eskolaren proiektua, eta eraikina berritzeko proiektua adostuta genuen langileekin. Urte amaieran gara jasotzekoa behin-betiko exekuzio proiektu eta aurrekontua, eta horixe zen gurasoei erakutsi nahi geniena. Maileguarekin, gure asmoa obrak datorren urteko irailean bertan hastea zen. Jaurlaritzaren erabakiak dena hankaz gora jarri du, eta testuinguru berrira egokitu nahian ari gara lanean.
Udal haur eskolen etorkizunak asko kezkatzen nau, gure herrietako haurren lehen urteetako hezkuntzaz ari garelako. Herri proiektuez. Langileen egoerak kezkatzen gaituelako. Familiekin eta gure hezkuntza komunitatearekin landu beharreko gaia delako.
Jaurlaritzaren proposamen bakarra da Haurreskola Partzuergoan sartu behar dugula. Politikoki inposaketa bat da, eta teknikoki, zehaztu gabea. Badakigu herrietan proiektu berriak sortzea zenbat kostatzen den, eta ez gaude prest besterik gabe udal haur eskolen ateak ixteko. Jaurlaritzari eskatzen diogu dirulaguntzak eteteko erabakian atzera egiteko eta eskua luzatzen diogu hitzartutako gogoeta horri behar den bezala heltzeko.