Eduki publikatzailea

Atzealdea Udal haur eskola zerbitzua Haurreskolak Partzuergoan integratzeko borondatea adierazi zuen udalbatzak, aho batez, osoko bilkuran

EAJk martxoko osoko bilkuran aurkeztutako mozioaren alde bozkatu zuten EH Bilduk eta PSE-EEk, biek ere baiezkoari ñabardurak eginez. Udal-gobernuak nabarmendu du hasia dela Haurreskolak Partzuergoan sartzeko lanetan, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren “kooperazio faltagatik” zalantza ugari daudela oraindik mahai gainean.

2025·04·11


Udal haur eskola zerbitzua Haurreskolak Partzuergoan integratzeko borondatea adierazi zuen udalbatzak, aho batez, martxoko osoko bilkuran. EAJk proposatu zuen mozioa, eta EH Bilduren zein PSE-EEren aldeko botoak jaso zituen: biek ere, aldeko iritzia dutela adierazi zuten, aldi berean, ñabardurak eginez.

2022ko apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak sinatutako Hezkuntza Akordioa da mozioaren abiapuntua: Legebiltzarraren %93ak babestu zuen akordioa. Sinatzaileek Haurreskolak Partzuergoaren aldeko apustua egin zuten horren, unibertsala eta doakoa izan behar zuela esanez; 2022/2023 ikasturtetik doakoa da zerbitzua. Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako 11 herritan daude udal haur eskolak, tartean, Usurbilen, eta mozioan esaten da 2022ko akordioak aukera zabaltzen duela udal haur eskolak partzuergoan integratzeko. “Batetik, eta garrantzitsuena, zerbitzua herritarrentzat doakoa izatea dakarrelako, zerbitzu publikoa, kalitatezkoa eta doakoa. Herritarren mesedetan. Bestetik, udalaren aurrekontu ikuspuntutik ere mesedegarria litzateke. Udal haur eskola zerbitzuak, egun, esfortzu ekonomiko nabari bat suposatzen dio udalari”.

Integrazioa egun herriko haur eskolan zerbitzua ematen duten langileen egoerarekin eta baldintzekin errespetagarria izan daitekeela ere aipatzen da. “Borondatea balego, badago egun haur eskola zerbitzua ematen ari diren langileak ia bere osotasunean, eta hauek hala nahi balute, Haurreskolak Partzuergoan integratzeko aukera”.

Hala, mozioaren bidez, bi eskaera egiten dira. Batetik, udalbatzak bere borondatea adieraztea udalak eskaintzen duen haur eskola zerbitzua Haurreskolak Partzuergoan integratzeko. Bestetik, udal gobernuari eskatzen zaio integrazio hori gauzatzeko dagozkion tramite guztiak martxan jarri ditzala, horretarako, Hezkuntza Sailarekin eta Haurreskolak Partzuergoarekin elkarlanean, dagozkion prozesuak gauzatuz.

Baiezko kritikoa

Udal-gobernuak mozioaren alde bozkatu zuen, baina “baiezko kritiko bat” zela nabarmenduz, “Hezkuntza Sailaren kooperazio faltagatik, oraindik ere zalantza ugari ditugulako”. Gainera, nabarmendu zuen tramiteak martxan jartzeko eskatzen zaiola udal-gobernuari, baina jada horretan ari direla. “Lehengo astean hezitzaileekin bildu ginen, aurrekoan ikastolarekin. Milioi bat euroko obra airean daukagu. Erantzukizunez jokatu nahi dugu: herri honi ez zaio beste aukerarik utzi, eta horregatik hartu dugu bide hori, baina agerian jarri nahi dugu bide hori galderez betea dagoela”.

Udalak azken bi urteetan hartu dituen erabaki guztiak herriko hezkuntza komunitatearekin hartu dituela gogoratu du, eta Partzuergoan integratzeko bidea lehen ere aztertu zela, azken lizitazioa martxan jarri aurretik. Orduko hartan, egun zerbitzua ematen duten hezitzaileen subrogaziorik ez zela izango esan zuen Hezkuntza Sailak, eta horrek gerarazi zuen aukera hura.

Azken urtean, ordea, Hezkuntza Sailak “kolpetik” jarrera aldatu ostean, Partzuergoan integratzeko beste aukerarik ez dela gelditu azaldu du udal gobernuak: “Aldebakartasunez hartu dute erabakia, bertako komunitatearekin landu gabe. Orain, badirudi, hezitzaileek bertan jarraituko dutela, baina guk oraingoz ez daukagu bermerik, ez baitugu ezer jaso idatziz. Gainera, kritikatu nahi dugu ez dela errespetatu prozesuaren tempusa: aspalditik ari gara Partzuergora sartzeko bidean pausoak ematen, baina ez dute gurekin hartu emanik izan”.

Udal gobernuak azaldu duenez, bost hilabete eman ditu udalak Eusko Jaurlaritzari bilerak eskatzen. “Desesperatuta, une batean Usurbilgo EAJri eskatu genion bilera hori lotzen laguntzeko: gure inbertsioetan aurreikusita daukagu haur eskola berritzea, baina obra erabat lotua dago kudeaketarekin. Irailean hasi nahi ditugu obrak, baina oraindik ez dakigu ze proiektu hartuko duen, 0-2 edo 0-3, eta, beraz, ez dakigu zenbaterainoko obra izango den, azkenean”. Martxoko plenoa baino hamabost egun lehenago izan zuen udalak bilera Hezkuntza Sailarekin, aurrematrikulazioaren bezperatan: “Gurasoak galdezka datoz, eta udalak ezin izan du erantzun garbirik eman”.

Udalak bakarka bildu dira Hezkuntza Sailarekin, nork bere egoera ezagutarazi eta integrazio prozesua nola egingo zen erabakitzeko. “Esan ziguten langileak subrogatzeko, aurrez, udal langile bihurtu behar direla, eta hori nola egiten den galdetu genien, lehenago esaten baitzuten ezin zela egin. Lankidetza marko bat eta txosten bat igorriko digutela esan ziguten, baina ez dakigu langile guztiak hartuko diren, nahiz eta “eskuzabaltasunez” egingo dela esan ziguten”.

PSE-EEk, bere aldetik, mozioaren oinarriarekin ados dagoela adierazi zuen, baina herri bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, integrazio prozesuak horien arabera egin beharko liratekeela ohartaraziz.

Mozioa, osorik: hemen.