Eduki publikatzailea

Udal haur eskola zerbitzu-emakida Udarregi Ikastolari esleitzea onartu dute ekaineko osoko bilkuran

Martxoaren 25eko osoko bilkuran abiatu zen zerbitzua ohiko prozeduraren bidez esleitzeko. Epe barruan lizitatzaile bakarra aurkeztu da, Udarregi Ikastola, beharrezko dokumentazio guztiarekin. Uztailaren 5ean sinatuko dute kontratua.

2021·06·25


Usurbilgo udal haur eskola zerbitzu-emakida Udarregi Ikastolari esleitzea onartu dute ekaineko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin; EAJ abstenitu egin da. Martxoko osoko bilkuran abiatu zuten zerbitzua esleitzeko ohiko prozedura, eta lizitatzaile bakarra aurkeztu da epe barruan, eskatutako dokumentazio guztiarekin. Uztailaren 5ean sinatuko dute kontratua.

Aurreko esleipenarekiko zenbait aldaketa garrantzitsu dituzte martxoan onartu zituzten pleguek. Batetik, esleipenaren iraupenari dagokiona. Egungo egoeraren aldakortasuna kontuan hartuta, esleipena bost urterako izatea adostu dute: 3 urterako lehenengo, 2 urte gehiagoz luzatzeko aukerarekin.

Udalak egin beharreko ekarpen ekonomikoa zehazteko irizpideak ere aldatu egin dituzte, udal kontu hartzaileak egindako txosten bat oinarri hartuta. Horren arabera, udal haur eskola zerbitzua bideragarria da, nahiz eta gorabeherak izan diren esleipenaren hamabi urteetan erabiltzaile kopuruan. Hau da, abiatu zenean, 140 ume egotera iritsi ziren, eta gaur egun, 38 daude. Hainbat faktorek eragiten dute jaitsiera horretan, eta aurreikuspena da hurrengo urteetan ere beheranzko joera izango duela. Hori dela eta, adostu dute udalak egin beharreko ekarpena aldakorra izatea ume kopuruaren arabera.

Gaur egun zenbat ume dauden kontuan hartuta, udalak urtero egingo duen ekarpena, 40-44 ume artean badaude, haur bakoitzeko 1.200 euroko ekarpena egingo du udalak. Kopurua gutxituko balitz, eta 37-39 ume artean baleude, ume bakoitzeko ekarpena 25 euro gehiagokoa izango da. Alderantziz, kopurua handituko balitz, ume bakoitzeko egingo duen ekarpena 25 euroan gutxituko da. Gehieneko eta gutxieneko kopuruak ere ezarri dituzte. Hau da, udalak, gutxienez, 1.100 euroko ekarpena egingo du umeko (haur kopurua hazten bada); gehienez, 1.300 euroko ekarpena egingo du (haur kopurua gutxitzen bada).