Eduki publikatzailea

Atzealdea Udal-gobernuak bat egin du Palestinari elkartasuna adierazteko biharko lanuztearekin

Udal zerbitzuetan eragina izango du Hego Euskal Herriko sindikatuek deitutako biharko lanuzteak, 11:00 eta 14:00 bitartean, langileen gehiengoak ere bat egin baitu deialdiarekin. Garbitaniak ere bat egin du lanuztearekin, eta hondakinen bilketa partzialki egingo dute.

2025·10·14


Udal-gobernuak bat egin du Palestinari elkartasuna adierazko Hego Euskal Herriko sindikatuek Genozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin! lelopean deitutako lanuztearekin. Udal langileen gehiengoak ere bat egingo du deialdiarekin, 11:00 eta 14:00 bitartean: tarte horretan, beraz, udal zerbitzuak ez dira bermatuta izango. Elkarretaratzea ere egingo da, 11:15ean, udaletxe atarian.

Garbitaniako langileek ere lanuztearekin bat egin dute: ohiko ordutegian hasiko dute hondakinen bilketa, baina ez dute amaituko. Larrialdi guneak irekita egongo dira, behar dituztenentzat.

Urriaren 15eko lanuzte eta mobilizazio egunak honako helburuak ditu:

  • Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriarekin. 
  • Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea. 
  • Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzea, eta horrek langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak. 
  • Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzea eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzea. 
  • Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzea. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu. 
  • Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzea.