Eduki publikatzailea

Udal-gobernua kalezartarrekin bilduko da hilaren 26an, auzotarren beharrak ezagutzeko

Pelaioenea eraikina birgaitzen ari da udala, bi proiekturen egoitza izan dadin: Emakumeen Etxearena, eta auzotarrentzako udal-ekipamenduarena. Gutun bat helarazi die auzotarrei bilerara gonbidatzeko.

2020·02·18


Kalezarko auzotarren beharrak ezagutzeko bilerara deitu du udal-gobernuak: hilaren 26an izango da, haurreskolan, 19:00etan. Etxez etxe banatutako gutun bidez egin du deialdia. Pelaioenea eraikina birgaitzen ari da udala, bi proiekturen egoitza izan dadin: batetik, Emakumeen Etxea, eta, bestetik, auzotarrentzako udal-ekipamendua. “Bi proiektu desberdin izan arren, biak elkarrekin haztea ahalbidetuko du Pelaioeneak, eta batak zein besteak auzoko bizitzan modu positiboan eragingo dutela espero du udal-gobernuak”.

Izan ere, Kalezarren ez dago auzotarren erabilerarako udal-ekipamendurik, eta udal-gobernuaren irudiko, beharrezkoa da horri buelta ematea. Auzotarrekin bildu, eta zein behar dituzten jakin nahi dute, eraikinaren barruko aldea marrazten eta zehazten lagunduko baitie horrek. “Garrantzitsua da auzotarren ekarpenak jasotzea, udal-ekipamendu horrek ahalik eta egokien erantzuteko auzotarren beharrei”.