Udal-ekipamenduak, Baterajotzearen egunetan
2023·10·02
Urriaren 13tik 15era, Usurbilen izango dira Euskal Herriko Neska* Gazteen topaketak, ‘Utopiak lehertzeraino’ lelopean: ehunka emakume gazte bilduko dira egun horietan, euren artean «saretzeko» eta «greba feminista orokorrerako antolatzeko» helburuarekin. Badira zenbait hilabete antolatzaileak udalarekin harremanetan jarri zirenetik, eta ordutik elkarlanean aritu dira topaketak herrian egiteko beharrezkoak dituztenak lotzen: hala, udalak hainbat ekipamendu publiko eta baliabide erabiltzeko baimena eman die.
Topaketak urriaren 13tik 15era izango badira ere, egun batzuk lehenago hasiko dira muntaketa lanekin. Batik bat, lau gune erabiliko dituzte. Batetik, Agerialden jarriko dute otorduen gunea. Bestetik, herriko frontoia ekitaldi ugariren lekuko izango da, eta dema plazan karpa handi bat jarriko dute. Azkenik, Udarregi ikastolako eraikin gorriaren pareko belazean egokituko dute lotarako lekua. Beste hainbat gune ere baliatuko dituzte topaketetan, baina, horien kasuan, ordu gutxitako saioak izango dira, batik bat, larunbatean (Askatasuna plaza, Udarregiko plaza borobila, Sutegiko auditorioa, Potxoeneko Urdintxo gela eta kiroldegiko eskubaloi pista eta areto berria, besteak beste).
Larunbat arratsaldean, manifestazioa egingo dute, frontoian hasita, 18:15ean. Trafikoan mozketa puntualak eragin ditzake. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorriko dira topaketetako parte-hartzaileak, gehienak autobusez, eta Atalluko industriagunean egingo dituzte geldialdiak.