Eduki publikatzailea
Atzealdea Udajolasen eta kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea, apirilaren 16tik 27ra
2026·04·13

Udalak eskaintzen dituen udako kirol eta aisialdi jardueretan izena emateko epea apirilaren 16tik 27ra bitartean izango da, hau da, euskarazko udaleku ireki Udajolasen eta kiroldegiko aretoko ikastaroetan. Informazio guztia eskuorri batean jaso dute, eta datozen egunetan izango da eskuragarri udaletxean, kiroldegian, Potxoenean, liburutegian zein Noauan; PDFan ere deskarga daiteke, bitartean.
Udajolas
Udajolas Usurbilgo 4-12 (HH3-LH6) urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzendutako euskarazko udalekua da. Udajolasen helburua da Usurbilgo haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia bermatzea, hezitzailea eta balioetan oinarritua, euskararen normalizazioa bultzatzeko. Udalaren zerbitzua bada ere, Noaua kultur elkarteari esleitua dio kudeaketa.
Udajolas, aurten, uztailaren 6tik uztailaren 30era bitartean izango da. Ohiko ordutegia 09:30etik 13:30era izango da; ostegunetan irteerak egiten dira, eta 16:30ean bukatzen dira.
Urtero bezala, gurasoekin bilera egingo dute: ekainaren 23an izango da, 17:00etan, Sutegiko auditoriumean.
Udajolasen izena emateko lotura: https://labur.eus/ekpgerlm
Udajolasi lotutako informazio gehiago: elkartea@noaua.eus / 688 807 336
Kiroldegiko ikastaroak
Ariketa fisikoa egitea sustatzeko helburuz, Usurbilgo Udaleko Kirol sailak zenbait ikastaro eskaini ohi ditu, uztailean: 2026an, haur, gazte eta helduentzat prestatutako aretoko jarduerak eskainiko dira.
Kirol sailak 6-16 urte arteko haur, nerabe eta gazteei bideratutako ikastaroen artean hiru nabarmendu ditu. Batetik, 6-12 urte artekoei zuzendutako kirol txokoak: aisialdia eta mugimendua uztartzen dira, eta jolasak eta hainbat kirol jarduera ezagutzeko aukera eskaintzen da. Jarduerak adin eta maila desberdinetara egokitzen dira, partaide guztiek esperientzia aberasgarria izan dezaten. Bestetik, 14 urtetik gorakoei zuzendutako gimnasioan hasteko ikastaroa: Usurbilgo gimnasioan sartzeko gutxieneko adina 16 urte da, eta hasi ahal izaterako makinak eta bestelako tresnak ezagutzeko aukera eskainiko da. Era berean, entrenamendu bat modu egokian nola osatu ere ikasiko dute.
Azkenik, aurtengo berrikuntza nagusia skatean aritzeko ikastaroa izango da, Bizkarreko skate parkea berritu berritan, eta kirol hori herritarrei gerturatzeko asmoz. Era berean, Kirol sailak zortzi skate erosi ditu, herritarrei maileguan hartzeko aukera eskaintzeko. Ikastarorako, esaterako, kiroldegiak skatea utziko dio behar duenari, baina kaskoa eta bestelako babesgarriak norberak eraman beharko ditu.
Ikastaroak uztailaren 1etik 30era izango dira, uztailaren 2an, Santixabel Egunean, izan ezik.
Ikastaroetan izena emateko lotura: https://forms.gle/tjCgqGBKuxdT23Nc9
Kirol ikastaroen informazio gehiago: kirola@usurbil.eus / 943 37 24 98
Udalak bi ohartarazpen egin ditu. Batetik, ezingo da udalak ordutegi berdinean antolatzen dituen bi jarduera desberdinetan izena eman, eta, bestetik, zerbitzuen zentzuzko erabilera bermatze aldera, haur guztien asistentzia datuak jasoko dira.
