Eduki publikatzailea
2020·06·13
Udajolas egin zitekeen edo ez zintzilik zegoen: Covid19ak eragindako osasun krisiak bizimodua alor guztietan hankaz gora jarri duen honetan, argitzeke zegoen zer gertatuko zen uda parteko aisialdiko ekimenekin. Konfinamendua arintzearen 3. fasean sartuta, hainbat ekimen antolatu ahal izatea baimendu dute, tartean, udalekuak.
Testuinguru horretan, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak Udajolas antolatzea erabaki dute.Noski, Covid19ak eragindako egoera berrira egokituta. Hala egon da hasieratik, izan ere, orain arte ez bezala, izen ematea online bideratu behar izan dute aurten. Udalekuak egin ahal izango ziren edo ez jakin gabe abiatu zuten izen-ematea, uztaila iristean, posible balitz, aurretiazko lan guztia egina egon zedin, eta, azkenik, udalekuak egitea baimendu dute. Kontrako agindurik iristen ez bada, egin egingo da Udajolas, beraz, beharrezko prebentzio neurri guztiak hartuta.
Gurasoekin bilera
4-12 urte arteko 200 lagunentzako lekua du NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolasek, eta 134 haur eta gaztetxok eman dute izena. Urtero, haur eta gaztetxoen guraso edo arduradunekin bilerak egiten dira, eta aurtengoa ekainaren 15erako deitua bazuten ere, atzeratzea erabaki dute, eta datozen egunetan iragarriko dute hitzordu berria. Bilera horretara joatea garrantzitsua izango da, testuinguru berrira egokitzeko hartuko diren prebentzio neurrien berri emango baita, batetik, eta udalekuen nondik norakoei buruzko behar beste informazio emango baitute.
Eusko Jaurlaritzaren dekretua
Noauak eta udalak elkarrekin ateratako oharrean Eusko Jaurlaritzak udalekuak baimentzen dituen dekretuan adierazitakoa jaso dute. Hauxe dio, hitzez hitz Eusko Jaurlaritzak 3. faseari begira plazaraturiko dekretuak, aisialdi ekimenei dagokienean: "Haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak berriro hasi ahal izango dira, erakunde eskudunek ezartzen dituzten arauekin bat etorriz". Parte hartzea mugatzea eskatzen du Jaurlaritzak: jarduerak egiten diren tartean, "parte-hartzaileak, gehienez ere, 15eko taldeetan antolatu beharko dira, begiraleak barne". Horrekin batera, "ohiko gehieneko edukieraren %60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua". Udalekuak "aire zabalean" egiten badira, "gehienez, 200 parte-hartzaile izango dira"; "gune itxietan" antolatzen badira, "gehienez, 80 parte-hartzaile". Bi kasuetan, "begiraleak barne".