Eduki publikatzailea
Atzealdea Udajolas 2022: lan poltsa osatzeko deialdia eta izen-ematea
2022·04·20

Aurtengo uztailean ere Udajolas udaleku irekia antolatu dute, elkarlanean, Noaua! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak, 4 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoentzat (HH3/LH6). Aurtengo Udajolas uztailaren 4tik 29ra bitartean egingo dute, astelehenetik ostiralera, 09:30 / 13:30 artean. Gehienez, 200 haur eta gaztetxorentzako lekua egongo da. Laster zabalduko dute izen-ematea: apirilaren 25etik maiatzaren 5era arte, biak barne. Horrez gain, Udajolasen lan egiteko poltsa osatzeko deialdia irekita dago dagoeneko: zuzendari eta begiraleak behar dituzte.
Izen-ematea.
Azken urteetan egin bezala, Internet bidez eman beharko da izena Udajolasen, Noauak horretarako propio sortu duen webgunean. Izena emateko aukera ez ezik, Udajolasen inguruko nondik norako guztiak aurki daitezke bertan.
Udajolaseko kuotak.
Udajolasen kuotari dagokionez, bi kuota finkatu dituzte. Batetik, orokorra, eta, bestetik, familia ugarientzako kuota. Horrez gain, errentaren araberako hobariak aplikatzeko aukera izango da, beti ere aurrez udalak onartutako ziurtagiria aurkeztuta. Hobari horien inguruko informazio guztia udalaren webgunean aurki daiteke, edo esku orria PDFn deskargatu.
Lan poltsa.
Lan poltsan izena emateko epea irekita dago. Urtero moduan, zuzendari eta begiraleak behar dituzte. Honakoak bete beharko dituzte:
- Begirale edo zuzendari titulua izatea.
- Bi hilabeteko esperientzia.
- EGA edo baliokidea den agiria.
- Sexu delitua egiteagatiko aurrekari penalik ez duela egiaztatzen duen ziurtagiria.
Lan poltsan, usurbildarrek izango dute lehentasuna. Udajolasen parte-hartzeko izen-ematearekin batera itxiko da lan poltsarako curriculuma eta agiriak aurkezteko epea ere, hau da, maiatzaren 5ean. Agiri horiek elkartea@noaua.eus helbidera bidali edo Noaua! -ren egoitzara eraman daitezke (Bordaberri, 3).
