Eduki publikatzailea

Atzealdea Txokoaldeko zubia birgaitu eta sendotzeko ETS-rekin sinatu beharreko hitzarmena onartu dute, aho batez

Horrekin batera, trenbidea bikoizteko Aginagako tunelaren obrak Txokoalden izango dituen eraginak murrizteko neurriak ere aintzat hartu dituzte hitzarmenean. Zubiaren obrak 1.432.416 euroko (BEZ barne) aurrekontua du, eta udalak 300.000 euroko ekarpena egingo du.

2024·03·01


Usurbilgo Udalak eta ETS Euskal Trenbide Sareak Txokoaldeko zubia birgaitu eta sendotzeko zein Aginagako tunelaren obrak Txokoalden izango dituen eraginak murrizteko neurriak hartzeko sinatu beharreko hitzarmena onartu dute, aho batez, otsaileko osoko bilkuran. ETS-k trenbidea bikoizteko proiektua aurkeztu zuenetik negoziatzen aritu dira bi erakundeak, eta horren emaitza da osoko bilkuran landu duten dokumentua; udalak auzotarrekin batera egindako alegazioak lortzeko helburua izan du negoziazio horietan.

Udalaren eta ETS-ren arteko hitzarmenak Txokoaldeko Altzonaz zubia birgaitzeko eta sendotzeko baldintzak ezartzen ditu, “zirkulaziorako erabat egokia eta segurua izan dadin”. Era berean, Txokoalden ETS-k egingo dituen Aginagako tunelaren obren inpaktua murrizteko neurriak eta obrak amaitutakoan eta maiztasuna handituta trenbide zerbitzuak izango duen eragina murrizteko baldintzak ezartzea ere badu helburu hitzarmenak, zehazki, Txokoaldeko trenbide pasaguneari dagozkionak. Bi helburuak betetzeko beharrezkoak diren esku-hartzeak eta jarduketak bultzatzeko, finantzatzeko eta gauzatzeko adostutako baldintzak ere arautzen ditu hitzarmenak.

Erakunde bakoitzak hartutako konpromisoak zehaztu dituzte dokumentuan. Alde batetik, Txokoaldeko zubia birgaitu eta sendotzeko obren ardura ETS-rena da, osorik: bere gain gelditzen da proiektua idaztea, lizitatzea zein gauzatzea. Finantzaketa osoa (1.432.416 euro, BEZ barne) bere gain hartuko du, balizko igoera ekonomikoei aurre egitea barne, 300.000 euro salbu: horiek udalak jarriko ditu, hiru urtetan banatuta. Aginagako tuneleko obrek iraun bitartean ETS arduratuko da zubiaren mantenu osoaz; horiek amaitutakoan, udalak hartuko du ardura hori.

Aginagako tunelarekin hasi aurretik egingo dituzte Txokoaldeko zubiko obrak: egungo zutabeak mantendu eta gainontzekoa erabat bota eta berria egingo dute, aurreikuspenen arabera, zazpi hilabeteko epean. Zubia 30cm igoko dute, eta hiru mugikortasun motarentzako baliogarria izango da (oinezkoak, bizikletak eta ibilgailu motordunak). Alkateak jakinarazi duenez, ordea, oraingoz ez dakite obrak noiz hasiko diren, zubiaren obra Aginagako tuneleko obren proiektu berean sartu baitute, eta oraindik ez dute lizitazio hori atera.

Pasagunearen desagerrarazteko ahaleginak

ETS-k zein udalak konpromisoa hartu dute Txokoaldeko egungo trenbide-pasagunea kentzeko aukera lankidetzan aztertzeko, trenbidea beste maila batean gurutzatu ahal izateko: hitzarmena sinatzen den unetik urtebeteko epea izango dute lan-batzorde tekniko bat eratzeko, eta beharrezko jotzen denean Txokoaldeko auzotarrak bertan parte-hartzera deituko dituzte. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak konpromiso honen garrantzia nabarmendu du: “Ez da bidezkoa guztiok jasoko dugun onura baten kaltea Txokoaldek jasotzea, beraz, aztertzeko aukera hitzarmenean jasota gelditu da”. Solaberrietak gaiaren inguruko kezka azaldu du, arazo horri konponbidea ematea “ez delako batere erraza” izango: “Bertakoek onuraren bat jasotzeko ahalegina egin behar genuen, tren geltoki zaharra berreskuratu eta, besterik ez bada ere, ordu batzuetan han geldialdiak egiteko: azken unera arte hori borrokatzen aritu gara, baina oraingoz ez diote bide eman eskaera horri. Jakin badakigu sinadura bilketa bat dagoela martxan, eta guk ere bat egiten dugu eskaera horrekin”