Txokoalde eta Santuenea arteko bidea itxita egongo da sei hilabetez, saneamenduko obrak direla eta
2022·06·03
Txokoalde eta Santuenea lotzen dituen bidea itxita egongo da sei hilabetez, astelehenetik (ekainak 6) hasita, oinezkoentzat zein ibilgailuentzat, Añarbeko Urak eta URA agentzia egiten ari diren Aginagako saneamenduko obrak direla eta. Tarte horretako bizilagunek eta baratzeak dituztenek pasatu ahal izango dute, baina, gainerakoan, San Estebandik barrena egin beharko dira joan-etorriak. Kamioien sartu-irteerak, berriz, Txokoaldeko zubitik barrena egingo dituzte. Beraz, trafikoa dezente handituko da datozen hilabeteetan.
Astelehenean, Txokoalde eta Santuenea lotzen dituen saneamenduaren kolektorea gauzatzen hasiko dira. Guztira, 1.100 metro luze hartuko ditu obrak: 400 metro herri-bidea jarraituz eta beste 700 landa eremua hondeatuz. Bi zatitan egingo dute, Txokoaldetik gertuen dagoena lehenengo, eta Santuenetik gertuen dagoena, ondoren. Dena den, bidea osorik itxiko dute, sei hilabetez, arriskuak saihesteko.
Añarbek eta URAk Aginagako saneamendua egiteko hitzarmena sinatzean, iazko maiatzean, jakinarazi bezala, obra osoa kontuan hartuta, esku hartzeak Aginagatik Osinalde industriaguneraino egingo dituzte, fase desberdinetan. Inbertsio handia da: obra osoaren kostua 5,4 milioi euro dira. Hitzarmenaren arabera, Urak-ek kostuen %60 hartuko du bere gain, baita kontratazioa eta obra zuzendaritza ere. Añarbek, berriz, gainerakoa finantzatuko du: %40. Urte amaieran hasi ziren lanean, eta haien arabera, 22 hilabete beharko dituzte dena amaitzeko.
Aginagako saneamenduaren faseak:
1go fasea. Osinalde HUPE eta Txokoalde HUPE* lotu.
*HUPE: Hondakin Uren Ponpa Estazioa. Urak, maldan behera joateko, ez du mekanismo artifizialik behar: naturalki doa. Behetik gora joateko, ordea, zerbaitek bultzatu behar du, eta horri HUPE deitzen zaio.
1go fasean, beraz, jada bereizita dauden Txokoaldeko isuriak jaso eta bertan eraikiko den HUPE-aren bitartez, Santueneko isuriekin batera, Osinaldeko sistema orokorrera eramango dira.
2n fasea. Txokoalde HUPE eta Aginagako HUPE lotu.
Aginaga kaxkoko isuriak jasoko dira, eta Aginaga HUPE berritik Txokoaldera eramango dira, Oria ibaia gurutzatuta.
3n fasea. Aginagako kolektorea eta obra osagarriak.
Aginagako erriberan kolektore generala egingo dute, eta kolektore horri hainbat hodi jarriko dizkiote gero udalak egingo duen proiektuaren bitartez etxebizitzetara konektatu eta ur zikinak jasotzeko.