Albisteak
Atzealdea

Txirikordaren inguruko saio informatiboa, urtarrilaren 28an

Laster zabalduko da Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioan bizitzeko izen-ematea. Horren aurretik, zalantzak argitzeko saioa egingo dute.

2023·01·16


Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa zabaltzetik gertuago dagoen honetan, horren inguruko saio informatiboa antolatu du udalak, zalantzak argitzeko. Urriko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak Txirikordan bizitzeko ordenantza, eta behin betiko onartua geldituko da laster: aurreikuspenen arabera, otsail hasieran zabal daiteke bertan bizitzeko izen-ematea. Saio informatiboan parte hartu nahi dutenei Usurbil Kulturan aurrez izena emateko eskatu dute.

Txirikorda bi kolektibo zehatzi zuzendutako proiektua da: emantzipatu nahian ari diren 18-30 urte bitarteko gazteak eta bakardadeari ihes egin eta konpainian bizi nahi duten 65 urtetik gorako pertsona helduak. Horrez gain, bestelako elkarbizitza eredu bat sustatu nahi du, bizi eredu komunitarioa, eta bi kolektiboek elkar aberastu eta elkar zaintzeko. 2019An egindako parte-hartze prozesua dago proiektuaren oinarrian: orduan finkatu ziren ezaugarri eta eduki nagusiak, eta legealdi honetan proiektua gauzatzeko urratsak egiten ari da udala.

Urrian onartutako ordenantzak Txirikordako etxebizitzak esleitzeko moduak eta sarrera baldintzak zehazten ditu. Txirikordak 16 etxebizitza izango ditu, alokairuan: bi logelako sei, eta logela bakarreko hamar. Belaunaldi arteko oreka mantentzeko, zortzi etxebizitza 18-30 urte bitarteko gazteentzat izango dira eta beste zortzi 65 urtetik gorako helduentzat. Kolektiboren baten kasuan, etxebizitzak hasieratik beteko ez balira, erreserban utziko lirateke, belaunaldiartekotasun izaera ez galtzeko.

Esleipen moduari dagokionez, kolektiboaren arabera egingo da. Gazteen kasuan, zozketa bidez egingo da. Gehienez, bost urteko iraupena izango dute kontratuek, eta ez dira luzagarriak izango. Esleipena egiten den unean 18 eta 30 urte bitartean izatea eta etxerik jabetzan ez izatea izango da sartzeko baldintza, Usurbilen bi urtez erroldatuta egotearekin batera. Helduen kasuan, baremazio bidez esleituko dira, udaleko gizarte langileek egindako txosten baten bidez: ordenantzan finkatu dituzte baremazioko aldagaiak ere. Bost urterako izango dira kontratu horiek ere, baina helduen kasuan luzagarriak izan daitezke, etxea esleitu orduko egoerak bere horretan jarraitzen badu.

Alokairuagatik ordaindu beharrekoak ere zehaztu dituzte ordenantzan; alokairua, gehienez ere, diru-sarreren %15 izango da. Helduen kasuan ere, bi urtez egon beharko dute Usurbilen erroldatuta, eta etxebizitza jabetzan izanez gero, urtebeteko epean parke publikora alokairuan ateratzeko konpromisoa hartu beharko dute.