Eduki publikatzailea

Atzealdea Txirikordako etxebizitzen esleipen eta itxarote zerrendak, alegazio epean

Maiatzaren 18an egindako zozketaren emaitzak argitaratuta, ekainaren 2ra arte izango da alegazioak aurkezteko aukera. Etxebizitza egokitu zaienek funtzionamendu araudia lantzeko bilera sorta egingo dute: ekainaren 8an izango da lehenengoa.

2023·05·24


Txirikordako hamasei etxebizitzen esleipen eta itxarote zerrendak argitaratu ditu, gaur, udalak, alegazioak aurkezteko 10 egun naturaleko epea irekitzearekin batera: ekainaren 2a izango da horretarako azken eguna. Etxebizitzen esleipena kolektiboaren arabera egin da: udaleko Gizarte Zerbitzuek egindako baremazio bidez helduen kasuan, eta zozketa bidez gazteen kasuan. Gaur argitaratutako zerrendak bien emaitza dira.

Etxebizitzak behin-behineko izaeraz esleitu dira, oraingoz. Izan ere, etxebizitza bat egokitu zaienek derrigor parte hartu beharko dute funtzionamendu araudia lantzeko egingo duten bilera sortan: Txirikordaren izaera komunitarioa bermatzea da prozesu horren helburua, Zabalduz kooperatibarekin. Saio batzuk ekainean egingo dituzte, eta besteak irailean: lehenengoa ekainaren 8an izango da.

Guztira, Txirikordan bizitzeko 30 eskaera izan dira: 24 gazteenak eta 6 helduenak. Alegazioak ebatzita, gazteen kolektiboan 22 eskatzaile sartu dira etxebizitzen esleipen zozketan. Gazteen 24 eskaeretatik, bat baztertua izan da, eta beste baten kasuan, eskaera onartua izan arren, esleipen prozesuan jarraitzeari uko egin dio.

Helduen kasuan, seitik lau eskaera onartu dira. Hala, 65 urtetik gorako kolektiboarentzat gordetako zortzi etxebizitzatatik lau esleitu dira, eta beste hiru erreserban utzi dira, etorkizuneko beharretarako. Ondorioz, helduei bideratutako etxebizitza bat gazteen kolektiboari gehitu zaio: guztira, bederatzi etxe bideratu dira gazteen kolektibora eta zazpi helduenera.

Maiatzaren 18ko zozketa publikoan gazteen etxebizitzak zozketatu ziren: bederatzi esleipendunak eta egokitutako etxebizitzak zeintzuk diren jakin zuten. Etxebizitza baino eskatzaile gehiago izan direnez, itxarote zerrenda ere osatu zuten, aurrerago baten bat libre geldituko balitz, zerrenda horretara jotzeko. Helduen kasuan, itxarote zerrenda hutsik dago.