Albisteak
Atzealdea

Txirikordako etxebizitzak esleitzeko modua eta sarrera baldintzak zehazteko ordenantza onartu dute, aho batez

Onartu berri duten ordenantza GAOn argitaratu eta jendaurrean jarri behar da: alegaziorik ez bada, urte amaierarako behin betiko onartuta egon daiteke. Horren ostean hasi ahal izango du udalak etxebizitzen esleipena.

2022·10·28


Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa martxan jarri ahal izateko urrats garrantzitsua egin zuten atzoko osoko bilkuran: etxebizitzak esleitzeko modua eta bertan bizitzeko sarrera baldintzak zehazten dituen ordenantza onartu dute, aho batez. Araudia indarrean sartzeko, ordea, jendaurrean jarri behar da lehenengo: GAOn publikatu ostean alegazioak aurkezteko epea irekiko da, eta halakorik ez bada, urte amaierarako behin betiko onartuta egon daiteke. Ezinbesteko urratsa da hori udalak etxebizitzen esleipena abiatu ahal izateko.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu zituen ordenantzaren eduki nagusiak. Haren esanetan, bi gai arautzen ditu ordenantzak: batetik, proiektua zein kolektibori dagoen zuzenduta eta zeintzuk diren bakoitzaren sarrera baldintzak, eta, bestetik, etxebizitzak nola esleituko diren. Txirikordak 16 etxebizitza izango ditu, alokairuan: bi logelako sei, eta logela bakarreko hamar. Belaunaldi arteko oreka mantentzeko, zortzi etxebizitza 18-30 urte bitarteko gazteentzat izango dira eta beste zortzi 65 urtetik gorako helduentzat. Kolektiboren baten kasuan, etxebizitzak hasieratik beteko ez balira, erreserban utziko lirateke, belaunaldiartekotasun izaera ez galtzeko.

Esleipen moduari dagokionez, kolektiboaren arabera egingo da. Gazteen kasuan, zozketa bidez egingo da. Gehienez, bost urteko iraupena izango dute kontratuek, eta ez dira luzagarriak izango. Esleipena egiten den unean 18 eta 30 urte bitartean izatea eta etxerik jabetzan ez izatea izango da sartzeko baldintza, Usurbilen bi urtez erroldatuta egotearekin batera. Helduen kasuan, baremazio bidez esleituko dira, udaleko gizarte langileek egindako txosten baten bidez: ordenantzan finkatu dituzte baremazioko aldagaiak ere. Bost urterako izango dira kontratu horiek ere, baina helduen kasuan luzagarriak izan daitezke, etxea esleitu orduko egoerak bere horretan jarraitzen badu. Alokairuagatik ordaindu beharrekoak ere zehaztu dituzte ordenantzan; alokairua, gehienez ere, diru-sarreren %15 izango da. Helduen kasuan ere, bi urtez egon beharko dute Usurbilen erroldatuta, eta etxebizitza jabetzan izanez gero, urtebeteko epean parke publikora alokairuan ateratzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Alkateak azaldu duenez, Donostiako zuzkidura etxebizitzen ordenantza izan dute oinarrian Txirikordako etxebizitzen esleipena arautzeko.

Bigarren fasea: kontratua sinatzea eta giltzak ematea

Solaberrietaren esanetan, etxebizitzak esleitutakoan bigarren fase bat irekiko dute, proiektuaren alderdi komunitarioan sakontzeko. “Txirikordara joango direnek elkar ezagutu behar dute, taldea kohesionatu, eta elkarren artean erabaki bizikidetza nola izango den, funtzionamendua, zein lan komunitario egingo dituzten, eta abar”. Hori guztia beste ordenantza batean jasoko dute, eta hori egindakoan, aurrera jarraitu nahi dutenekin sinatuko dute kontratua eta giltzak eman. “Proiektuaren arrakastarako garrantzi handia ematen diogu honi”.