Eduki publikatzailea
Atzealdea Txirikordako egunerokoa arautuko duen erregelamenduari hasierako onespena eman diote, aho batez
2023·10·30
Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioko barne funtzionamendua edo egunerokoa arautzeko erregelamenduari hasierako onespena eman diote, aho batez, urriko osoko bilkuran. Txirikordako etxebizitzak behin-behinean esleitu ostean, elkar ezagutzeko, talde kohesioa lantzeko eta belaunaldi arteko bizikidetza komunitarioa arautzeko saioak egin dituzte esleipendunek: saio horietatik eratorri dira orain onartutakoak. Orain, ordenantza GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta jendaurrean egongo da, behin betiko onartu aurretik.
Duela urtebete onartu zuten, hasieraz, Txirikordako etxebizitzak esleitzeko modua eta sarrera-baldintzak arautzeko ordenantza, eta orain onartutako barne funtzionamendurako araudia ordenantza horri gehitu diote. Horren arabera, Txirikorda Komunitateko Asanblada osatuko dute, eta bizilagun guztiak izango dira horren parte. Barne araudi bat izango dute, asanbladak egin eta onartu beharko duena: bertan zehaztuko dituzte egoiliarrek komunitatearekin dituzten eskubideak eta betebeharrak, bizikidetza-arauak eta eraikineko espazioen oinarrizko funtzionamendua.
Bestelako hainbat gai ere jaso ditu orain onartutako erregelamenduak. Esaterako, Txirikordako bizilagunek egin behar dituzten ordu komunitarioak zenbat izango diren. Bizikidetza arazoengatik egon daitezkeen arau hausteak ere kontuan hartu dituzte: zeintzuk izan daitezkeen arau hauste larriak, oso larriak, eta abar. Gaiaren arabera, erabakiak hartzea Txirikordako bizilagunei edo udalari dagokion ere zehaztu dute. Erabilera anitzeko gela bertan biziko direnek zein herritarrek erabili ahal izango dute, Txirikorda herrira ireki eta proiektuak elkarlanean landu ahal izateko, eta gela horren erabilera ere arautu dute ordenantzan. Bizilagunek ordainduko duten kanon edo alokairuaz gain, ordenantzan zehaztu dute komunitate gastuak bizilagunen ardura izango direla.
Alderdi horiek guztiak etxebizitzetako alokairu kontratuetan zehaztuta geldituko dira. Hori izango da hurrengo urratsa: kontratuak lantzea. Izan ere, ordenantza behin betiko bihurtzen denean, eta eraikitze lanak erabat amaitutakoan, udalak alokairu kontratuak egiten hasteko modua izango du.