Eduki publikatzailea

Atzealdea Txirikorda gauzatzeko udalaren eta Ugartondoko hirigintza batzarraren arteko hitzarmena onartu dute osoko bilkuran

Txirikorda gauzatzeko akordioaren arabera, maiatzean eskuratuko du udalak exekuzio proiektua: hala, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza eskatzeko bidea izango du udalak.

2020·05·01


Belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioen proiektua, Txirikorda, gauzatzetik pauso bat hurbilago dago apirileko osoko bilkuraren ostean. Izan ere, udalak eta enpresa eraikitzaileak adostutako hitzarmena onartu zuten, EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin; EAJk abstentziora jo zuen. Akordioaren arabera, maiatzean eskuratuko du udalak proiektuaren exekuzio proiektua, eta horrek dirulaguntzak eskatzeko eta esleitzeko bidea irekiko du; Txirikordaren inguruko urbanizazioa eraikitzaileen ardura izango da, gainera.

Aurreko legealditik dator proiektua. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzarekin hainbat bilera egin ditu udal-gobernuak, eta, haien esanetan, Txirikorda bezalako proiektuak “bete-betean” sartzen dira euren dirulaguntza lerroetan. Laguntza horiek jasotzeko, udalak behar du izan proiektuaren sustatzailea, Solaberrietaren esanetan. “Bide interesgarri bat zabaldu zitzaigun, proiektu hori ia %100 finantzatzeko aukera delako”. Enpresekin hitz egin, eta ez zutela inolako arazorik jarri azaldu du Solaberrietak: gauzak horrela, eraikin publiko horren kostua zenbatekoa zen adostu zuten enpresekin (1.423.000 euro), eta diru hori jasota, udalak bideratuko du proiektua. “Malgutasunez jokatuko dugu, eta diru hori lau fasetan jasotzea adostu dugu: akordioa sinatzean %25, obrak esleitzean beste %25, lanak hastean beste %25, eta, azkenik, beste %25 lanak amaitzean”.

Hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ere aurreratu zuen Solaberrietak: exekuzio proiektua Eusko Jaurlaritzan aurkeztuko du udalak, dirulaguntzak eskatzeko, eta, ebazpena eskutan, obrak esleitzeko prozedura hasiko dute.

EAJk, bere aldetik, baieztatu zuen azken hirigintza batzordea izan zela lehenengo aldia Txirikordaz entzun duena udalaren barruan; prentsaren bidez gehiago jakin dutela. Horrez gain, ekipamenduak beteko dituen behar sozialez harago, beharren ikuspegi zabalago bat aintzat hartuta, zalantzan jarri zuen Txirikorda proiektua ote den lehenetsi beharrekoa. Proiektuaren hurrengo urteetarako bideragarritasun ekonomikoaren azterketa bat egin beharko litzatekeela ere nabarmendu zuen.

Solaberrietak “harrituta” erantzun zion: “Ziur nago batzorde desberdinetan hitz egin dela; lehentasunen azterketa, berriz, aurreko legealdian egin zen”.

Oroitzapena eta Fermindegi

Hirigintzari lotutako beste bi puntu ere landu zituzten atzoko plenoan. Batetik, Oroitzapena etxeko jabeek eskatu dute eraikin horren gehienezko etxebizitza kopurua aldatzea: lau izatetik, sei izatera pasatzea, alegia. Horretarako, egin beharreko tramiteak egin dituzte, eta udal-arkitektoaren aldeko txostena lortu dute. Plenoan, aldaketa hasieraz onartzea adostu zuten, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin.

Fermindegi bideari dagokionez, lehen 125 metroko zatia, errepidea eta Fermindegi baserriaren arteko zatia permutatzea onartu zuten, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.