Albisteak
Atzealdea

Txirikorda gauzatzeko udalaren eta Ugartondoko hirigintza batzarraren arteko hitzarmena behin betiko onartu dute osoko bilkuran

Apirilean onartu zuten hitzarmena hasieraz, eta jendaurreko epealdia pasata, behin-betiko onartu dute EH Bilduren botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin. Abuztuan ez da ez osoko bilkurarik ez batzorderik izango.

2020·07·24


Azken tramite administratiboa pasatu zuen atzoko osoko bilkuran Txirikorda gauzatzeko udalaren eta Ugartondoko hirigintza batzarraren arteko hitzarmenak: jendaurreko epea pasata, behin betiko onartu zuten, EH Bilduren botoekin; EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Akordio hori udala proiektuaren sustatzailea izateko bideratu zuten, modu horretara, dirulaguntzak jasotzeko aukera sortu baitzen. “Bide interesgarri bat zabaldu zitzaigun, proiektu hori ia %100 finantzatzeko aukera delako”.

Apirilean azaldu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nola, enpresekin hitz egin, eta ez zuten inolako arazorik jarri: gauzak horrela, eraikin publiko horren kostua zenbatekoa zen adostu zuten enpresekin (1.423.000 euro), eta diru hori jasota, udalak bideratuko du proiektua. “Malgutasunez jokatuko dugu, eta diru hori lau fasetan jasotzea adostu dugu: akordioa sinatzean %25, obrak esleitzean beste %25, lanak hastean beste %25, eta, azkenik, beste %25 lanak amaitzean”.

Agente Lehena, udal-lanpostuetan

Udal-lanpostuei lotutako bi puntu ere landu zituzten uztaileko osoko bilkuran. Poliziaren Legean aldaketa bat izan zen, eta horrek udalak behartu ditu udaltzainen antolaketan Agente Lehenaren postua sortzera. Azaroko osoko bilkuran onartu zuten aldaketa, baina geldirik egon da orain arte, eta, tartean, udaltzainburuak erretiroa hartu du. Atzoko saioan, beraz, lanpostuen zerrendan Agente Lehenaren figura sartu eta horri lotutako maila ekonomikoa zehaztu zuten (12.maila). Aho batez hartu zuten erabakia.