Eduki publikatzailea
2019·11·05
Txirikorda zer dela eta abiatu dugun, ze helburu eta ezaugarri dituen, zer-nolako parte-hartze prozesua garatu genuen eta lan-saioek utzitako emaitza nagusiak aurkeztu nituen. Alderdi politikoek arretaz jarraitu zituzten geure azalpenak. Proiektuaren finantziazioaz, etxebizitzen kudeaketaz, sarrera baldintzez... jardun genuen. Halaber, udalok halako proiektuak aurrera eramateko dugun laguntza eza azpimarratu genuen. Etxebizitza-politika, berez, ez da udal-eskumena, eta, ondorioz, udal antolaketan ez da ohikoa Etxebizitza Sail bat izatea. Hala ere, Usurbilen, udal-gobernu guztiek eman diote lehentasuna usurbildarren etxebizitza beharrak asetzeari. Horren lekuko, honako datua: alokairu sozialean hemeretzi etxe, udal jabetzako bi Santuenean, larrialdi egoeretarako bat, eta, bizpahiru urte barru, Txirikordako beste hamasei. Guztira, hortaz, 38 etxe izango ditu udalak behar sozial ezberdinei erantzuteko. Alokabideren bidez kudeatzen ditugu, baina une honetan ho-rren inguruko hausnarketa zabaldu dugu udalean: izan ere, gure ustez, etxebizitza horiek zuzenean udalak kudeatzea litzateke egokiena. Edonola ere, ikusi beharko da planteamendu berri honek ze baliabide eta zenbateko aurrekontua eskatzen dituen, udalak tamaina horretako kudeaketa bati erantzun diezaiokeen edo ez erabaki aurretik.
Baliabide eskasia izanagatik ere, bide eta eredu berriak urratzeko balentria izan du udal honek. Gazteak eta adinekoak elkartzen dituen mota honetako proiekturik ez dago Euskal Herrian. Europa iparraldeko herrialdeetan filosofia honekin ari dira lanean, baina, gure inguruan, artean, ez dago halakorik. Beraz, ia-ia hutsetik abiatu gara. Esperientzia pilotu bat, nolabait esateko. Eta nik garbi daukat aukera bat izan daitekeela etorkizunari begira, herritarren artean arrakasta eta onarpen maila handia lortzen badu. Baiezta dezaket begi asko ditugula inguruan, erakunde asko baitugu proiektu hau arretaz jarraitzen. Honetan ere, beraz, aitzindariak izan gaitezke.