Eduki publikatzailea
Atzealdea Txirikorda eraikitzeko obra kontratua aldatzea onartu dute, aho batez, prezio kontrajarriak txertatzeko
2022·09·30

Txirikorda eraikitzeko obraren kontratua aldatzea onartu dute, aho batez, iraileko osoko bilkuran, prezio kontrajarriak bertan txertatzeko. Udalak zenbait aldaketa egitea proposatu zuen eraikinean, eta aldaketa horiek jatorrizko esleipen prezioa ia 30.000 euroan igotzea ekarri du. Hala, Txirikordako obrak egiten ari den Murias enpresak prezio kontrajarrien txostena aurkeztu du udalean: obraren esleipen organoa, iazko irailean, osoko bilkura izan zenez, osoko bilkurari dagokio prezio kontrajarriak onartzea ere.
Udal gobernu taldeak osoko bilkuran azaldu ditu eraikuntza fasean egingo diren aldaketak. Batetik, ez zen etxebizitza irisgarririk aurreikusi jatorrizko proiektuan, eta hamasei etxebizitzetatik bat irisgarria izan dadila bermatuko dute. Bestetik, semisotoko lurzorua, egurra beharrean, baldosa zeramikoa izango da, hezetasunagatik. Instalazio elektrikoan egin beharreko aldaketak, zenbait materialetan egin beharrekoak eta hormei eusteko pilotaje lanak dira gainerako aldaketak. Guztira, ia 30.000 euro gehiago izango dira, jatorrizko esleipen prezioarekiko %1,52ko igoera eraginez.
