Eduki publikatzailea
Atzealdea Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa
2019·01·18
Xabier Arregi Usurbilgo alkateak eta Ainhoa Retegi Hiritik AT kooperatibako kideak Txirikorda proiektua aurkeztu dute gaur goizean, Potxoenean egindako agerraldian. Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa sustatzea helburu duen proiektua da Txirikorda. Herriko gazte eta adineko batzuk ere prentsaurrekoan izan dira, haien sostengu eta parte-hartzerik gabe nekez egin baitezake aurrera proiektuak.
Xabier Arregi alkateak azaldu duenez, Ugartondoko garapen urbanistikoan, udal ekipamendu bat eskuratuko du Udalak, eta ekipamendu hori zertarako erabili erabakitzeko, behar sozialen azterketa egin du Usurbilgo Udalak, eta ikusi du badirela bi behar elkarren osagarri izan daitezkeenak. Batetik, ikusi du gazteei emantzipatzeko aukera erraztu beharra dagoela. “Zoritxarrez, gazte askorentzat oso zail da gurasoen etxetik aldentzea. Gaur egun, etxebizitzen prezioak eta baldintzak batetik eta lan prekarietatea bestetik, asko eta asko dira gurasoen aterpetik atera ezinda daudenak, edo ikasketa-garaiak amaituta, gurasoen etxera itzuli behar izaten dutenak, bestelako aukerarik gabe. Eta, noski, emantzipatu gabe, nekeza da bizi-proiektu propioa garatzea. Bizitza burujabe bat izatea”, azaldu du alkateak. Bestetik, edadekoen artean nabarmen ikusi da badagoela bizitoki egokiaren premia: “Ez dira gutxi beren gaur egungo etxean bakarrik sentitzen direnak, etxera eroso iristeko edo etxean eroso mugitzeko arazoak dituztenak, etxea handi geratzen zaienak, etxean gustura ez eta beste inora joateko aukerarik ez dutenak. Ez dira gutxi gaur egun, eta ez dira gutxiago izango etorkizunean”. Usurbilen, gaur egun, 65 urtetik gorako herritarrak % 19 inguru dira. Menpekotasun arazorik ez duten adinekoentzat zuzenduta dago.
Horrela bada, Udalak ondorioztatu du ekipamendu publikoak emantzipatu nahi duten gazteei eta konpainian beren neurriko apartamentua nahi duten edadekoei, biei, erantzun diezaiekeela. “Bi behar horiei erantzun bateratua eman nahi diegu”. Gainera, alkatearen esanetan, bi kolektibo horiek bateratzeak badu indar gehigarri bat. “Gazteen eta edadekoen bizikidetza aberasgarria da bi kolektiboentzat. Nire eskuek adierazten duten bezala, txirikordatu egiten dira, eta horrela, indartu”. Hortik dator, beraz, proiektuari eman zaion izena: Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa.
Txirikorda egitasmoaren ezaugarriak
Xabier Arregik egitasmoaren ezaugarriak modu honetan laburbildu ditu, hortaz:
-
Gazteen emantzipazioa errazten du, proiektu kolektibo eta komunitario baten baitan.
-
Zahartzaroaren dohainak geure egin eta zahartzaroari modu kolektiboagoan aurre egiteko aukera ematen du.
-
Elkarren arteko zaintza sustatzen du, emakumeon ardura esklusiboa izateari utzita.
-
Izaera komunitarioa lantzen du, bai eraikinaren espazioan, bai belaunaldien arteko nahasketan. Espazio pribatuak eta espazio komunak izango ditu eraikinak, izan ere, antolaketa arkitektonikoaz harago, horrek komunitatea, kolektibitatea, josten lagunduko du. Gazteek zaharrei konpainia, babesa, segurtasuna emango diete gazteek, eta, era berean, zaharrek gazteei euren eskarmentua, esperientzia, ezagutza, patxada helaraziko diete. Elkar-aberastuko dute.
-
Parte-hartzea da oinarria, bai proiektuaren diseinuan bai proiektuaren garapenean.
-
Gazteak eta zaharrak subjektu aktibo bihurtzen ditugu: erabakimena euren esku uzten dugu.
-
Bizi-proiektu burujabeak garatzeko aukera ematen du, gazteen eta zaharren autonomia landuz.
-
Azken batean, gazteen eta zaharren ahalduntzea lantzen du. Txirikorda, beraz, ahalduntzeko eremua izango da.
Prozesua da gakoa
Xabier Arregi alkateak nabarmendu duenez, parte-hartzea da oinarria, eta orain proiektuari edukiak emateko txanda da, hots, proiektua definitzeko aldia. Eta horren ardura, nagusiki, Txirikordaren erabiltzaile potentzialek izango dute, hots, gazteek eta zaharrek. Izan ere, alkatearen irudiko, emaitza bera bezain garrantzitsua da egiten den bidea. “Elkarlanean jarriko ditugu proiektuaren definizioan. Bizikide izango diren artean egingo dute bidea. Bidea era kolektiboan egin nahi dugu. Era kolektiboan eraiki, era kolektiboan bizitzeko”.
Hain zuzen, Hiritik At kooperatibak dinamizatuko du prozesua, eta Ainhoa Retegi Hiritik At-eko kideak eman du prozesuaren nondik norakoen berri. Orain arte, han eta hemen aritu dira proiektu hau aurkezten, hainbat gazte eta jubilatu elkarrizketatzen, eta proiektuak oso harrera ona izan duela argitu du. “Abiapuntu egokia da, beraz, proiektuari ekiteko”.
Hurrengo asteetan bost lan-saio egingo dira, eta lan-saio bakoitzean gai ezberdin bat jorratuko da:
-
1. saioa - etxebizitzaren izaera orokorra: Urtarrilak 26
-
2. saioa - biztanleak eta sarrera baldintzak: Otsailak 2
-
3. saioa - espazioen diseinua: Otsailak 16
-
4. saioa - bizikidetza: Martxoak 23
-
5. saioa - funtzionamendua: Apirilak 6
Lan-saio guztiak Potxoenean egingo dira, larunbat goizetan, gazteen parte-hartzea errazteko.
Proiektu berritzailea
Xabier Arregik eta Ainhoa Retegik nabarmendu dutenez, gazteak eta adinekoak elkartzen dituen mota honetako proiekturik ez dago Euskal Herrian, eta, zentzu horretan, oso berritzailea da egitasmoa. “Europa iparraldeko herrialdeetan filosofia honekin ari dira lanean, baina, gure inguruan, artean, ez dago mota honetako etxebizitzarik”, adierazi du Ainhoa Retegik.
Ugarteko urbanizazioa laster hasiko dira eraikitzen, eta etxebizitza komunitario hau Ugarte baserriaren aldamenean eraikiko da. Aurreikusten da lanak 2021erako amaituta izatea, eta, horrenbestez, 2021ean bertan martxan jartzea. “Esperientzia pilotu bat da. Bide bat jorratzen hastera goaz, eta, horrenbestez, bide horren lehen urratsa da orain egitera goazena. Aukera bat izan daiteke etorkizunari begira, proiektu honek herritarren artean arrakasta eta onartze maila handia lortzen badu. Etorkizunera begirako formula berri bat izan daiteke”, azpimarratu du Xabier Arregi alkateak.