Eduki publikatzailea
Atzealdea Txalaparta festa egingo da urriaren 18an, Jexux Artze elkartearen eta 650 Usurbil Biziren eskutik
2025·10·03

Txalaparta festa egingo da, urriaren 18an, Jexux Artze kultur elkartearen eta 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren eskutik: egun osoko egitaraua prestatu dute txalapartari gorazarre egiteko. Aurten, Usurbilgo kaxkoan izango dira ekintzak, eguerditik hasi eta iluntzera arte.
Jexux Artzeren heriotzaren 20. urteurrenaren bueltan, 1go Txalaparta Festa antolatu zuen kultur elkarteak 2022ko maiatzean, eta berdin egin zuen 2023an ere. Iaz bezala, aurten ere 650 Usurbil Bizirekin elkarlanean prestatu dute egitaraua. Txalaparta jotzeko hainbat moduz gozatzeko aukera izango da, herriko zein herritik kanpoko txalapartarien eskutik.
Herri erromeriarekin hasiko da egitaraua: adar deia, albokariak, txalaparta irekia, txalaparta ikasleen emanaldia... Eta txorizo eta sagardo banaketa ere izango da. Albokariekin kalejiran joango dira, gero, bazkaritara, Saizar sagardotegira: han ere txalaparta irekia izango da, bazkaldu bitartean. Arratsaldean, kontzertuak izango dira, herrian zehar, Artzabaldik hasita, Malkoak TX eta Talka taldeen eskutik. Juan Mari Beltran laukotearen kontzertuarekin errematatuko dute eguna, frontoian, 20:00etatik aurrera.
Egitaraua
11:45. Herri erromeria eta txorizo eta sagardo banaketa, Mikel Laboa plazan (euria bada, Askatasuna plazan): adar deia, albokariak, txalaparta irekia eta ikasleen emanaldia.
14:00. Ibilaldia albokariekin, kaxkotik Saizar sagardotegira.
14:30. Bazkaria Saizarren. Bazkaria bitartean, txalaparta irekia.
18:30. Malkoak TX eta Talka taldeen kontzertua, herrian zehar, Artzabalgo plazatik hasita.
20:00. Juan Mari Beltran laukotearen kontzertua, frontoian.
*Oharra: Saizar Sagardotegian egingo den bazkaritarako tiketak aurrez erosi beharko dira: zehazki, urriaren 12ra arte izango da horretarako aukera. Helduek Usurbil Kultura plataformaren erreserbatu beharko dute lekua, 46 euroan: dagoeneko eros daitezke. Umeentzako menua mezu elektroniko bat bidalita erreserbatu beharko da, usurbiltxalaparta@gmail.com -era idatzita: egunean bertan ordainduko da (21 euro).

