Eduki publikatzailea
Atzealdea Turismo eredu propioa landu du Jon Maiak Usurbilerako
2021·11·18
Turismo eredu propioa landu du Jon Maia bertsolariak Usurbilerako, udalak eskatuta: abenduaren 11n aurkeztuko dute publikoki, Sutegin, 12:00etan. Maiak, proiektua idazteko, herriko hainbat eragilerekin egindako bilerak izan ditu oinarri: guztira, 40 saio inguru egin ditu. Udal-gobernuaren esanetan, “proiektu berritzailea” sortu du Maiak, “anbizio handikoa”, eta horri ekiteko konpromisoa hartu du: 75.000 euroko partida gordeko du 2022ko aurrekontuetan.
Turismo eredua birpentsatzea
Turismo eredu propiorako pausoak emanak zituen, lehendik ere, Usurbilgo Udalak. Nabarmenena, beharbada, Harria Hitz bisita gidatuak izan dira: herriak artearekin duen lotura erakutsi izan du horien bidez. Baina, zenbait urtez martxan izan ostean, udalak bestelako eredu bat lantzeko beharra ikusi du.
Turismoa fenomeno geldiezina izanik, udalak Usurbilentzat eta usurbildarrentzat baliogarria izango den eredua taxutu nahi zuen, eta horregatik jo zuen Jon Maiarengana. Bertsolariak sarritan esan izan du “beste mundu bat” posible dela, eta Usurbilen lan egin ostean, bere hitzak berretsi ditu: “Herri hau bereziki aberatsa da. Gauzak bere horretan, inertziaz ez egiteko pentsamolde orokor bat dago herritarrengan zein udalarengan: gauzak beste mundu horren zerbitzura jartzeko borondatea dago, izan hondakinen kudeaketan, izan kirolean, kulturan... Horregatik, beste mundu bat posible dela sinesten duen jendeak egindako plana da hau”, nabarmendu du Maiak.
Usurbilen neurrira egindako planaren helburuetako bat da onuradunak herritar guztiak eta herria bera izatea, Maiaren esanetan: “Herri identitatea osatzen duten pieza guztiek izan behar dute onuradun: horientzat onurarik ez badakar, herriarentzat ere ez da onuragarria izango. Kontraesankorra irudi daitekeen arren, turismoa ere tresna eraldatzailea izan daiteke”. Hala, barrura begirako zein kanpora begirako lanketa eskatzen du Maiak osatutako planak: biak dira garrantzitsuak, neurri berean. Turismo eredu propio bat ez ezik, Usurbilen biziberritzerako oinarriak ezartzea du asmo udalak: herri identitatearen kanpora begirako proiekzioa ez ezik, horren dinamizazioa bultzatzea.
650. urteurrenari lotuta
2021ean 650 urte bete dira Usurbilen sorreratik. Maiak aurkeztutako proiektuak, ezinbestean, lotura du urteurrenarekin. “Atzetik datorrenari begira ez ezik, etorkizunera begira jartzen gaitu mendeurrenak: ‘650 urte eta gero, herri hau horrelakoa da: nolakoa izatea nahi dugu aurrerantzean?’”, nabarmendu du.