Eduki publikatzailea

Atzealdea Tren geltokiko zubi berria irekiko dute asteazkenean

Tren geltoki berriko zubia, kaleko igogailuak eta eskailerak amaitu ditu ETSk: apirilaren 29tik aurrera erabili ahal izango dira, goizeko lehenengo ordutik. Geltokia bere horretan ez dago prest oraindik, eta geltoki zaharraren ondotik izango da nasetarako sarbidea. Apirilaren 29tik 30erako gauean desmuntatuko dute behin-behineko zubia.

2026·04·27


Tren geltoki berriko zubia zabalduko du ETSk apirilaren 29an, goizeko lehenengo orduan, beheko aldera jaisteko eskailerak zein igogailuak barne. Aldiz, tren geltoki berria ez dago martxan jartzeko prest oraindik: geltoki zaharraren ondotik sartu beharko da nasetara. Apirilaren 29tik 30erako gauean desmuntatuko dute behin-behineko zubia, azkenik.

Aurreikusitakoa baino luzeago joan dira tren geltoki berriko lanak. Zubiari dagokionez, 2024ko maiatzean itxi zen zubi zaharra, hamar hilabeterako kontua izango zelakoan. Iaz jarri zuten zubi berria, baina ez dute irekitzerik izan, irisgarritasun baldintzak bete arte. Tren geltoki berriak bi modutara lotuko ditu goiko eta beheko zatiak: eskailerekin eta igogailuekin. Igogailuak lau izango dira: bi geltoki barruan daude, nasetara sartzeko, eta beste bi kanpoan, Zumartegi industriagunearekin, Santuenearekin eta Atallurekin lotura egiteko. Kaleko bi igogailuak martxan jarrita eta irisgarritasun baldintzak beteta irekiko da, azkenik, zubi berria, bi urteren ondoren.

Behin-behineko zubia apirilaren 29tik 30erako gauean kenduko dute. Kendutakoan, eremu horretako urbanizazio lanekin jarraituko du ETSk: zati hori falta zaie tren geltokitik Atxega jauregirainoko eremu guztia berrituta uzteko. Era berean, pasealeku guztiko argiteria berritu dute.

San Esteban kalea, erabat amaituta

Hasieratik, elkarri lotuta izan dira San Esteban kalearen urbanizazio proiektua eta tren geltoki berria eraikitzekoa. Hori dela eta, esaterako, kalea bi zatitan urbanizatu du udalak: goiko zatia lehenengo, eta behekoa, ondoren. Izan ere, tren geltokiko zubi berria zaharra baino altuago jarri dute, eta horrek zuzenean eragiten zion San Esteban kalearen beheko aldearen obrari: bi lanak uztartuta baliabideak modu eraginkorrean erabiltzea izan dute helburu ETSk eta udalak, hain justu.

Bizpahiru aste dira udalak San Esteban kaleko lanak amaitutzat eman zituenetik, eta irekita dago ordutik. Zenbait erremate kalea ireki ostean egin ditu udalak. Horrez gain, aldapan dauden bankuak egokitu dira, erosoagoak izan daitezen.