Eduki publikatzailea

Atzealdea Tren geltoki berria eraikitzeko lanak, martxan

Cycasa enpresak egingo du ETS Euskal Trenbide Sareak bultzatutako obra: 30 hilabetean egingo dituztela aurreikusi dute. Tren zerbitzua bere horretan mantenduko da obrek iraun bitartean, eta oinezkoen behin-behineko igarobideak ere bermatuko dituzte.

2023·04·21


Azken egunotan abiatu ditu Euskal Trenbide Sareak tren geltoki berria eraikitzeko lanak. Cycasa enpresari esleitu dio obra, eta erabat gauzatzeko 30 hilabete beharko dituztela aurreikusi dute. Bitarte horretan, tren zerbitzuak ohiko funtzionamenduari eutsiko dio, eta oinezko igarobideak ere une oro bermatuko dituzte.

Tren geltoki berria oinezkoen egungo trenbide-pasagune inguruan jarriko dute, eta herrigunetik zein Santuenetik joanda ere, zubitik sartuko dira erabiltzaileak geltokira: eskaileren edo igogailuaren bidez jaitsiko lirateke Donostiara edo Zarautza joateko nasetara. Horrez gain, zubia ere berritu egingo dute, Ingemar sarreraraino luzatuta: N634 errepidea ez ezik, trenbidea ere gaindituko du, oinezkoentzako lotura zuzenagoa sortuz. Zubi berria eraikitzen hasi aurretik, behin-behineko beste zubi bat eraikiko dute, oinezkoen igarobidea bermatzeko.

Usurbilgo kaxkoa eta Santuenea lotzen dituen San Esteban kalea ere obretan da: udala kalearen goiko zatia urbanizatzen ari da, eta hiru hilabetean lanak amaituta izatea aurreikusten da. Beheko zatia, hain zuzen ere, tren geltokiko obrak amaitzean egingo dute: hala egitea erabaki zuen udalak, San Esteban kalearen eta tren geltokiaren lanak batera egingo direnez, baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeko helburuarekin.