Eduki publikatzailea
Atzealdea Trantsizio ekosozialerako misioa elkarlanean finkatzen hasteko deialdia, abenduaren 14an
2023·12·05

Usurbilgo Udalak misioen araberako jarduna ezarri du, udaleko sailen arteko komunikazioa eta elkarlana erraztu duen funtzionamendu berriaz gainera. Usurbilen lau erronka identifikatu eta misio bihurtu ditu udalak: misioak helburu inspiragarri eta anbiziotsuak dira, eta horiek lortzeko izaera desberdineko eragileak elkarlanean jartzea da asmoa (publikoak, komunitarioak, pribatuak zein herritarrak). Lau misiotatik hiru modu horretara definitu dituzte (Zaintza, 650 Usurbil Bizi eta Udala, gertu), eta orain laugarrena, Trantsizio ekosoziala, definitzeko unea iritsi da: hiru lan-saio egingo dituzte, eta lehenengoa abenduaren 14an izango dela iragarri dute (Potxoenean, 18:00etan).
Udalak urriaren 27an aurkeztu zuen ‘Usurbil Bizi. Lau misio, herri bat’ proiektua, legealdiz legealdi landu beharreko erronkak misiotzat hartuta: Zaintza, 650 Usurbil Bizi, Udala, gertu eta trantsizio ekosoziala. Aurkezpen horren laburpen luzea bideo batean argitaratu berri dute.
Udala, berrantolaketa betean
Usurbilgo Udala berrantolaketa betean sartuta dago, lan egiteko modu berriak ezinbestekotzat jota. Berrantolaketa hori bi modutara egiten ari da. Batetik, orain arte, udaleko sail bakoitzak bere batzorde informatzaile propioa zuen: orain, berriz, hiru lantalde zabaletan biltzen dira (herritarrak, lurraldea eta antolaketa). Horrek sailen arteko komunikazioa eta elkarlana erraztu du. Bestetik, misioen araberako udal jarduna ezarri du: herriko era askotako eragileen elkarlana bultzatu nahi du, herriak dituen erronkei nola aurre egin elkarrekin erabaki eta elkarrekin lan egiteko.
Misioen arabera lan eginagatik, ordea, udalak egunerokoari erantzun behar dionez, herritarrekin eta eragileekin adostu nahi du zein izango den Usurbilgo gobernantza eredua. Eredu horrek bi alorrei erantzuteko baliogarria izan beharko du, hau da, egunero martxari eta misioen lorpenari. Trantsizio ekosozialaren misioa ezartzeko saioak amaitutakoan ekingo dio gobernantza ereduaren inguruko hausnarketari.
