Eduki publikatzailea

Tramite gehiago egin daitezke, dagoeneko, zerbitzu telematikoen bidez

Administrazio elektronikora trantsizioa egiten ari da udala. Oraingo berrikuntzekin, zenbait tramite hasi eta buka egin daitezke sarean; beste batzuk hasi bai, baina presentzialki itxi behar dira.

2020·07·23


Tramite gehiago egin daitezke, dagoeneko, zerbitzu telematikoen bidez. Zenbait tramite hasi eta buka egin daitezke sarean orain; beste batzuk hasi bai, baina presentzialki ixtea beharrezkoa da oraindik ere. Denborarekin, edozein tramite mota hasi eta buka sarearen bidez egin ahal izatea da helburua. Hemendik aurrera, erregistroan egin ohi diren hainbat tramite egiteko aukera dago, baita zergak edo isunak ordaintzekoa edo gizarte zerbitzuekin zerikusia dutenak egitekoa ere; dirulaguntzek ere atal propioa dute, eta, pixkanaka, zerbitzu telematikoen bidez ebaztea da asmoa.

Izan ere, udala administrazio elektronikorako trantsizioa egiten ari da, eta, pixkanaka, hasia da pausoak ematen. Langile bat kontratatu zuen urte hasieran zeregin horretarako, eta horrek ahalbidetu du norabide horretan sakontzen hasi ahal izatea. Administrazio elektronikoaren arduradunaren esanetan, konfinamenduak, gainera, prozesuari bultzada on bat ematea ahalbidetu du, ezinbestean etxetik aritu beharragatik.

Udalean egin daitezkeen tramiteen inguruko informazioa zein tramiteak sarean egiteko aukera zabalgoa eskaintzen du orain Usurbilgo Udaleko zerbitzu telematikoen webguneak. “Ordezkapen idatzia” izeneko dokumentua ere ageri da tramite bakoitzaren barruan: udaletxera presentzialki etortzeko beharra izan baina bertaratu ezin denean, beste norbaiti baimentzeko tramite hori norberaren izenean egitea.