Eduki publikatzailea
Atzealdea Trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautuko dituen ordenantza onartu dute, hasieraz eta aho batez, osoko bilkuran
2025·01·31

Herriko trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautuko dituen udal-ordenantza onartu dute, hasieraz eta aho batez, urtarrileko osoko bilkuran. Erabakia GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 lanegunez jendaurrean jarriko da, alegazioak jasotzeko: halakorik ez bada, osoko bilkurak ez du erabaki berririk hartu beharko eta indarrean sartuko da, gaur egungo ordenantza ordezkatuz.
Ainhoa Arrozpide Landa zinegotziak azaldu duenez, bi arrazoi nagusik bultzatu dute ordenantza berritzeko erabakia. Batetik, gaur egungo ordenantza 2001ekoa denez, 24 urteotan aldaketak izan dira lege eta arautegietan, eta, beraz, udal-ordenantzak horietara egokituta egon behar du. Bestetik, herrian ere zirkulazioari lotutako aldaketak izan dira, eta horiek ordenantzan islatuta egon behar dute.
Udaltzaingoak landu du ordenantza berria, eta bi aldaketa nabarmendu ditu Arrozpidek. Batetik, zenbait bide publikotan aparkatzeko mugak ezartzea, batik bat, gune urdin edo merkataritza sustatzeko aparkalekuei lotuta: hainbat urte joan dira horiek erabiltzen hasi zirenetik, baina ordenantzak ez ditu islatu, orain arte. Bestetik, oinezkoentzako lehentasuna duten eremuak arautzea: neurri hori, bereziki, Kalezarko Belmonte kaleari lotua dago. Auzotarrek hala eskatuta, Belmonteko hirigune historikoari oinezko izaera emateko hiru neurri hartu dira, eta horietako bat bertatik pasatu daitezkeen ibilgailuak baimentzeko sistemaren ingurukoa da. Neurri hori indarrean sartzeko beharrezkoa zen ordenantzan jasota eta indarrean egotea.
Jendaurreko epean alegaziorik ez bada, udaberrian sar daiteke indarrean ordenantza berria.
