Eduki publikatzailea

Atzealdea Tokiko zerbitzu txikien belaunaldi erreleboa sustatzeko dirulaguntzaren oinarriak eta deialdia argitaratu ditu udalak

Udalak 35.800 euro bideratuko ditu herrian lehendik dauden jardueren jarraipena bermatzen duten titular berriei laguntzeko. Euskara ikasteko eta aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako lerroen behin betiko ebazpenak ere argitaratu dira.

2026·09·08


Tokiko zerbitzu txikien belaunaldi erreleboa sustatzeko dirulaguntza berria du udalak: oinarriak eta deialdia argitaratu ditu, gaur, GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Dirulaguntza negozioen titulartasuna hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoei zuzenduko zaie, bideragarritasun ekonomikoko eta egonkortasuneko baldintzetan jarraituko dutela bermatzeko. Guztira, 35.800 euro bideratuko dira aurtengo deialdian, beharrezkoa balitz, baliabideak handitzeko aukerarekin: bihartik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskaerak, 2027ko urriaren 31ra arte.

Dirulaguntza berriaren helburua da lehendik Usurbilen ezarriak dauden eta bideragarriak diren tokiko merkataritza, ostalaritza eta bestelako ohiko zerbitzuen itxiera saihestea. Izan ere, tokiko merkataritzaren ondorengo urteei begira egindako azterketak agerian utzi du egun lanean ari diren gehienak erretiroaren atarian daudela: hori ikusita, elkarlanean aritu dira udala, Siadeco, Hurbilago eta Beterri Buruntza Mankomunitatea, erreleboak nola bermatu aztertzeko.

Erreleboa bermatzeko dirulaguntza jaso ahal izateko baldintzak eta irizpideak oinarrietan jaso ditu udalak. Hiru lerro izango ditu: eskualdaketari lotutako gastuei aurre egiteko lerroa, lokalaren alokairu edo erosketa gastuak laguntzeko lerroa eta ezagutzaren transmisiorako lerroa.

Behin betiko ebazpenak

Bi dirulaguntza lerroren ebazpenak ere gaur argitaratu dira GAOn: 2025-2026 ikasturteari dagokion euskara ikasteko dirulaguntzarena eta aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako dirulaguntzak.

Erreleborako dirulaguntzaren oinarriak eta deialdia (PDF): hemen.

Euskara ikasteko dirulaguntzen behin betiko ebazpena (PDF): hemen.

Aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako dirulaguntzen ebazpena (PDF): hemen.