Eduki publikatzailea
Atzealdea Tokiko merkataritzaren erreleboa laguntzeko dirulaguntza berria plan estrategikoan txertatu da
2026·07·24

Usurbilgo Udalak tokiko merkataritzaren erreleboa laguntzeko dirulaguntza berri bat izango du, aurrerantzean: udalbatzak aho batez onartu du dirulaguntza berria udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2026-2028) txertatzea, 2026ko eranskinak aldatuta. Ekaineko osoko bilkuran aurreratu zuen udal-gobernuak, besteak beste, dirulaguntza berrirako partida sortuko zuela, kreditu aldaketaren bidez: 35.800 euro bideratuko dira.
Hurbilagorekin, Siadecorekin eta Beterri Buruntza Mankomunitatearekin lankidetzan ari da udala, tokiko zerbitzu txikien erreleboak nola bermatu aztertzeko. Dirulaguntza berriak bi helburu ditu. Batetik, Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien iraunkortasuna sustatu nahi da, belaunaldi erreleboko prozesuen bidez finkatuta dauden jarduera ekonomikoen transmisio ordenatua erraztuz. Bestetik, Usurbilen ezarriak dauden eta bideragarriak diren tokiko zerbitzu txikien itxiera saihestu nahi da, herritarrentzat oinarrizkoak diren zerbitzu horien jarraipena bermatuz. Horretarako, transmisioaren ondorengo hasierako fasean egonkortzen lagundu eta jarduerari atxikitako enpresa ezagutza behar bezala transferitzen lagunduko da.
Hala, tokiko zerbitzu txikien belaunaldi-erreleboa sustatzeko dirulaguntzak hiru lerro izango ditu. Lehenengoak negozioa eskualdatzeari dagozkien gastuak lagunduko ditu. Bigarrenak, lokalaren alokairu edo erosketa gastuak. Hirugarrenak, negozioaren ezagutza transmititzearekin lotutako gastuak.
Dirulaguntzaren jatorrian tokiko merkataritzaren inguruan egindako azterketa bat dago. Herriko merkataritzaren hurrengo urteetarako aurreikuspenak ezagutzeko azterketa egin zezan eskatu zion udalak Siadecori. Ikasturte berriarekin aurkeztuko dira azterketa horren eta dirulaguntzaren inguruko xehetasunak.
