Eduki publikatzailea
Atzealdea Tentsio handiko eremu
2024·03·21
Iaz Espainiako Kongresuak onartutako Etxebizitza Legeak zeresan handia eman du, azkenaldian, geurean. Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu berri du, “eskumenen urraketa” dagoelakoan. Ez dagokit niri hori hala den edo ez ebaztea; dakidana da udaletan tresna eraginkorrak behar ditugula gure herrikideei etxebizitza duin bat eskuratzen lagunduko dieten politika publikoak ezarri ahal izateko.
Alkateok eta hautetsiok gara herritarrengandik hurbilen gaudenak, eta badakigu zerk kezkatzen dituen eta zein konturengatik sufritzen duten herritarrek. Nirekin biltzeko egiten diren eskaera askok etxebizitzarekin dute zerikusia, eta sentitzen dudan inpotentzia izugarria da: egunero ikusten ditut herritarrek zer-nolako zailtasunak dituzten etxebizitza bat lortzeko eta euren bizi proiektua baldintza duinetan garatzeko. Ikusten dut etxebizitza dela pobrezia eta gizarte bazterketa eragin edota sustatzen duen arrazoi nagusia.
Usurbilen lanean hasita gaude Eusko Jaurlaritzak gure herria gune tentsionatu gisa izenda dezan: konponbideak behar ditugu, eta lege horrek alokairuak mugatzeko eman digun aukera leihoa baliatu nahi dugu.
Tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera tokiko erakundeok egin behar dugu, beti ere Espainiako Etxebizitza Legeak aipatzen dituen baldin-
tzak betez gero: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzaren Behatokiaren abenduko txostenaren arabera, Usurbilek baldintzak betetzen ditu. Baldintzetako bat da etxebizitzaren prezioa (alokairu edo salmenta) KPIaren gainetik hiru puntu igo izana azken bost urteetan. Beste bat: herritarrek etxebizitzaren ordainketarako soldataren %30 baino gehiago bideratu behar izatea. Bi baldintzetako bat betetzea aski da udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeko.
Gure kasuan, lehenengoa betetzen dugu: alokairu-errentak azken bost urteetan izandako igoera %19,90 izan da (ezarritako %17tik gorakoa). Hau da, 2017ko batez besteko alokairu-errenta 617,50 euro izan zen, eta 2022an, 740,40 eurokoa. Donostiaren aldamenean egoteak ekartzen dituen albo-kalteak dira. Bigarren baldintza ez dugu betetzen, ozta-ozta, errenta ordaintzeko ahaleginaren portzentaia %28,18 izan baitzen.
Eskaera egin ahal izateko, udalotan etxeko-lanak egin behar ditugu, eta horretan dihardugu. Batetik, justifikazio-memoria bat osatu behar dugu, legeak zehazten dituen edukiekin; eta, bestetik, 3 urterako etxebizitza-plan bat osatu behar dugu. Dokumentazio hori guztia Eusko Jaurlaritzara igorri behar dugu, “bizitegi-merkatuko tentsio eremu” izenda gaitzan. Izendapena iritsita, Usurbilgo alokairu prezioak izoztu beharko lirateke: egoera dagoen bezala, ez da gutxi. Legearen arabera, izendapena 3 urtez egongo da indarrean, eta urtero luzatu ahal izango da. Dokumentazio lana egindakoan, bilera irekiak egingo ditugu, herriak ezagut dezan zein den gure herriko egoera.