Eduki publikatzailea
Atzealdea Taxilarien jarduteko ahalmena handitzeko hitzarmenarekin bat egingo du Usurbilek
2024·07·26
Tokiko hainbat administraziok bat egin dute Gipuzkoako Aldundiari Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremua sor dezan eskatzeko, hitzarmen baten bidez: zehazki, Donostia, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteriako udalek egin dute eskaera. Usurbilen kasuan, uztaileko osoko bilkuran hartu dute bat egiteko erabakia, aho batez.
Hitzarmenaren helburua taxilarien jarduteko ahalmena handitzea da, azkenaldian udalek, taxilariek zein gizarte-eragileek antzeman dituzten gabeziak konpontzeko. Hitzarmenean azaldu dutenez, zerbitzua ez da nahikoa egun eta ordutegi jakin batzuetan, arazoak handiagoak edo txikiagoak izanik udalerrien arabera. Horiek konpontzeko, gaur egungo giza-baliabideak eta baliabide administratiboak eraginkortasunez erabiltzeko, udalerrien artean trafiko interakzio nabarmena dagoela egiaztatu den neurrian, udalek uste dute egokia izan daitekeela sortzea udalerrien arteko Erregimen Bereziko Eremu bat, kasu honetan, Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremua.
Eremuak ahalmena emango die udaletako auto-taxien lizentzien titularrei garraio zerbitzuak eskaintzeko udalerri horien barruan zein udalerri horien artean ere, aurrez zehaztutako egutegiaren arabera. Udalerri bakoitzak zehaztu behar du zein egunetan baimenduko duen beste herrietako taxilariek eurenean jardutea: Donostiaren kasuan, 2025eko urtarrilera bitarteko egutegi xehatua txertatu dute hitzarmeneko eranskinean. Ainhoa Arrozpide Landa zinegotziak azaldu duenez, Usurbilgo eta Buruntzaldeko herrien kasuan, urteko egun eta ordu guztietan baimentzea da asmoa; Oarsoaldeko herriek zer aukeratuko duten ez dakite, oraingoz. Tarifak ere zehaztu dira hitzarmenean.
Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin. Udalek konpromisoa hartzen dute, eremuko kide izateko gutxienez urte natural oso batean eremua martxan jartzen denetik: ondoren baloratuko da hitzarmenarekin jarraitzea onuragarria izan den edo ez herriko taxi zerbitzuarentzat zein herritarrentzat, Arrozpidek azaldu duenez, eta kalterako dela baloratuz gero, ateratzeko aukera izango da. Era berean, Gipuzkoako beste udalerri batzuek ere eremu horretan sartu ahal izango dute.