Eduki publikatzailea

Atzealdea Talde sustatzaileari eskerrak

2026ko urtarrileko Udalberrin argitaratutako zutabea, Emakumeon Etxeko talde sustatzaileari eskerrak emanez.

2026·01·27


Laster beteko dira bi urte Usurbilgo Emakumeen Etxeak bere ateak ireki zituenetik. Proiektuarekin hasi, ordea, aspaldi hasi ginen. Emakume askoren oroimenean iltzatuta jarraitzen duen 2018ko Martxoak 8 hartan kokatuko nuke nik proiektu honen ernamuina. Hantxe erein genuen herriko emakume andanak proiektu honen hazia: orain, lora-
tzen ari dela esango nuke.

Usurbilgo emakumeentzako erreferentziazkoa izango den espazio feminista bat sortu nahi genuen. Guretzat ez da topagune huts bat: sareak sortzeko, ahizpatasuna garatzeko, aholkularitza jasotzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizikidetza sustatzeko, emakumeen ahalduntzea, parte-hartzea eta ikusgarritasuna lantzeko; hausnarketa eta aldaketak ikuspegi feministatik pizteko gunea izatea nahi dugu. Izan ere, batzuek onartu ez arren, sexu-generoagatiko desberdintasuna gizarte-desorekaren arrazoi handienetako bat izaten jarraitzen du, eta ezinbestekotzat deritzogu emakumeok gure eremu propioa izatea eta bertatik emakumeei ahalduntzeko tresnak zein baliabideak eskaintzea. Modu horretan baino ez gara izango Usurbil justu, bidezko eta berdinzaleagoa.

Helburu horrekin osatzen da, urtero, Emakumeen Etxeko programazioa eta eskaintza, eta ia bi urteko ibilbide hau arrakastatsua izan dela esango nuke. Datu batzuk aipatu nahiko nituzke proiektuaren zabalkundea dimentsionatzeko: ahalduntze eskoletan 200dik gora emakumek parte hartu dute; kultur ekitaldietara 155 emakume bertaratu dira; liburu aurkezpenetara, 75 lagun; hitzaldi eta tailerretara, 50 emakume; hiru aholkularitza eskaini izan dira, eta astero betetzen dira hi-
tzorduak; iazko Lilatoian 63 emakumek osatu genuen Emakumeon Etxeko taldea; Martxoaren 8ko Artzabalgo topaketak; indar entramenduan 140 emakumek eman zuten izena; herriko talde feministen bilerak; Parekidetasun sailetik bideratutako lanketak...

Honen guztiaren ardura urtean behin biltzen den Emakumeon Asanbladak, eta, batez ere, talde sustatzaileak du. Parte-hartze prozesutik, emakume talde bat aritu da jo eta su lanean. Horixe da, nire ustez, proiektu honen indarguneetako bat: kudeaketa publikoa bada ere, herriko emakumeekin etengabeko koordinazioa eta elkarlana, bilatzen duen funtzionamendu komunitarioan oinarritzen da Emakumeen Etxearen kudeaketa, talde sustatzailearen bidez zein asanbladaren bidez.

Talde honek bost urteko ibilbidea egin du, eta nik eskertu baino ezin diet egin egin duten lana. Haiei eta Kafe Tertuliako neska gazteei. Beti alboan, beti laguntzeko prest, beti aliantzak josten. Proiektu honek fase ezberdinak izan ditu, ederrak eta ez hain ederrak, nagusiki obraren atzerapenak eragindakoak, eta guztietan hor egon dira. Nire aldetik, eskertu baino ezin diet egin proiektu honen sugarra bizirik mantentzeko eta proiektu hau gorpuzteko beren onena eman duten talde sustatzaileko kideei: Fatimetu, Yamile, Elena, Maria, Eva, Josune eta Kafe Tertuliako neskei. Azken asanbladan lekukoa hartzeko prest dagoen talde sustatzaile berri bat eratu zen, eta lerrook baliatu nahi ditut haiei ere hartutako konpromisoarengatik eskerrak emateko. Bideak ederra izaten jarraituko du!