Eduki publikatzailea
Atzealdea Santueneko bilgunearen kudeaketa zerbitzua kontratatzeko esleipena abiatu du udalak
2026·06·29

Santueneko Gure Elkartea taberna, orain arte jubilatuen egoitza izandakoa, eraldatzeko prozesu betean da udala. Bi prozesu daude martxan: lokala eraberritzekoa eta auzoko bilgune bihurtzekoa, auzo-zaintzaren ikuspegia txertatuta. Bigarrenari lotutako urratsa egin du udalak, ekaineko osoko bilkuran, horren kudeaketa zerbitzua kontratatzeko esleipena onartu baita, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJk abstentziora jo du. Esleipen deialdia argitaratuta, uztailaren 22ra arte izango da proiektuak aurkezteko epea.
Udalak urteak daramatza auzotar eta eragileekin elkarlanean Santuenea auzo bizigarriagoa izateko helburuarekin, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkuran azaldu zuenez. Helburu horrekin osatu zen auzo mailako diagnostikoa lehenengo, eta Auzo Plana, gero. Auzoa biziberritzeko bide-orria da plan hori udalarentzat, alkatearen esanetan. Planaren helburuetako bat, hain justu, Santuenea zaintzen duten espazio eta ekipamenduak dituen auzoa izatea da, eta erabat lerrokatuta dago udala lantzen ari den misioen logikarekin, bereziki, zaintzaren erronkarekin.
Aginagan egin bezala, Santuenean ere Hurbilduz proiektua martxan jartzeko lanean ari da udala urte hasieraz geroztik. Bakarrik dauden auzokideen integrazio komunitariorako proiektua da: komunitatearen aukerak aprobetxatu nahi dira egoera horretan egon daitezkeen auzotarrei laguntzeko. Santueneko jubilatuen elkartearen eraberritzea logika horretara egokitzeko beharra jarri zuen mahai gainean udalak, eta auzotarrek begi onez ikusi zuten proposamena. Helburu hori betetzeko taberna nola berrantolatu aztertzeko lanketa egin du udalak auzotarrekin, ondorioz. “Guztion adostasunez, jubilatuen taberna izatetik harago, auzoaren bilgune izan dadin nahi dugu, auzo-zaintzatik eratorritako proiektuei bide emateko espazioa izan dadin”, nabarmendu du Solaberrietak.
Proiektu horren bidez, auzoko sare komunitarioa indartu nahi da, adinekoak beren auzoan eta komunitatean iraun dezaten sustatzeko, haien autonomia indartuz eta nahi ez diren bakardade egoerak prebenituz. Era berean, familientzako atseden espazioa izan dadin ere nahi da. Zentzu horretan, jantoki komunitarioa eskaintzea da esleipenaren berritasun nagusietako bat. Bakarrik bizi diren adineko askok dieta orekatua eta osasuntsua izateari uzten diote, eta jantoki komunitarioa hori eragozteko tresna izan daiteke, beste auzotarren konpainian bazkaltzeko aukera eskaintzearekin batera.
Zerbitzuaren esleipena
Esleipen berria hiru urterako izango da, bina urteko bi luzapen izateko aukerarekin. Artzabalgo azken lizitazioarekin egin bezala, lokalaren hornidura gastuak kudeatzailearen gain egongo dira. Santueneko tabernaren kasuan, kanona 50 eurokoa izango da, “ahalik eta txikiena”, proiektua gauza dadin erraztasunak eman nahi izan direlako. Izan ere, kudeatzaile berriak bi betebehar izango ditu: jantoki komunitarioa eskaintzea eta auzoan eragile izatea auzo-zaintzari lotuta. Solaberrietak, hain zuzen, aipamen berezia egin dio esleipenaren oinarrietan jasotako proiektu sozialari: “Guretzat apustu bat da”.
Zerbitzuaren kudeaketa esleitu bitartean lokala eraberritzeko obrak egitea da udalaren asmoa. Era berean, lokalaren kanpoko aldean irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira: ekaineko osoko bilkuran onartutako kreditu aldaketaren bidez, urbanizazio lanak egingo dira lokalaren kanpoko aldean. Espaloia, errepidea eta haurren parkea plataforma bakarrean bateratuko dira, eta belaunaldi artekotasuna ahalbidetzeko elementuak kokatuko dira adinekoek ariketa fisikoa egiteko makinen inguruan: besteak beste, ur txorroten eremua izango da.
