Eduki publikatzailea
Atzealdea Santueneko Auzo Plana osatu eta aurkeztu dute
2022·06·13

Urtebeteren ondoren, Santuenea Elkarlanean parte-hartze prozesuaren emaitzak aurkeztu dituzte, auzoan, aurkezpen publiko batean. Auzo Planean jaso dituzte epe ertainera begira auzoaren eraldaketa gauzatzeko neurriak, besteak beste, espazio publikoari, mugikortasunari, zaintzari eta energiari erreparatuta. Auzotarrek beste astebete izango dute Auzo Planari ekarpenak egiteko, behin betiko amaitutzat jo aurretik. Dokumentua bera gida bat da, ohartarazi dutenez: esku hartze bakoitzak, gauzatzea erabakitzen denean, exekuzio proiektu propioa beharko du, eta Auzo Planean jasotakotik aldaketak egon daitezke.
Duela urtebete hasi zuten Santuenea Elkarlanean parte-hartze prozesua. Etorkizuna irudikatzen hasi aurretik, auzoaren diagnostikoa egin zuten, auzoaren egungo egoera abiapuntutzat hartuta lan egiteko. Auzo Planean jaso dute zer eta nola egin Santuenea hobeago bat izateko, lehentasunak finkatuz. Auzotarrek osatutako talde eragileak landu du edukia nagusiki, Hiritik At kooperatibaren laguntzarekin, baina aurkezpen irekiak ere egin dituzte, gainerako auzotarrei bidean landutakoen berri eman eta haien ekarpenak jasotzeko asmoarekin. Bilerez gain, galdetegi bat zabaldu eta bi ibilaldi egin zituzten auzoan barrena, beharrak bertatik bertara ikusteko: 72 galdetegi jaso zituzten, eta jende ugarik hartu zuen parte ibilaldietan. Auzo Planean, nagusiki, hamar urteko epean hobetu beharrekoak jaso badituzte ere, auzotarren eguneroko bizitza erraz dezaketen neurri arinagoak ere proposatu dituzte.
Espazio publikoa, mugikortasuna, zaintza eta energia eraginkortasuna izan dira landu dituzten gai nagusiak. Espazio publiko osoan irisgarritasuna bermatzea da eskaera nagusienetako bat: auzoak 8/80 ideiarekin bat egin dezan nahi dute, hau da, auzoa egokia bada 8 urteko zein 80 urteko pertsonentzat, egokia izango dela gainerakoentzat ere. Horrez gain, auzoaren mugikortasunean aldaketa esanguratsuak egin nahi dituzte, oinezkoen lehentasuna bermatzeko. Horretarako, batik bat, bi neurri proposatu dituzte: batetik, disuasio-aparkalekua egitea eta beheko errepidetik autoak kentzea. Aldi berean, auzoa errioari begira jarri nahi dute, ibai ertzean kokatuko litzatekeen gune bat sortuta.
Auzoaren erdigunea, plaza nagusia, gakoa izango da etorkizuneko mugikortasunari begira. Batik bat, eskubaloi pista da nagusi bertan, eta auzotarren esanetan, erabat baldintzatzen du ingurua. Auzoaren historian garrantzia nabarmena izan du pistak, eta, hori dela eta, zenbait auzotarrek bere horretan mantendu nahi dute. Beste batzuek, ordea, pistaren izana aitortzen duten arren, ez dute uste zentzurik duenik bere horretan mantentzeak, egungo erabilera ez delako garai batean bezalakoa. Horregatik, galdeketa egitea proposatu dute. Gehiengoa bere horretan mantentzearen aldekoa balitz, bere inguruan egin daitezkeen hobekuntzak landuko lituzkete. Kontrara, gehiengoa ez mantentzearen aldekoa balitz, espazio horren antolaketa berria modu parte-hartzailean erabakitzeko prozesua hasiko dute.
Adostasunez, eta adostasun bila
Urtebeteko prozesuaren ostean, aurkezpen irekia antolatu dute Santueneko Auzo Plana aurkezteko, eta, bide batez, azken ekarpenak jasotzeko. Hamar urteko perspektibarekin, auzoa hobetzeko gai gehientsuenetan adostasuna lortu badute ere, eskubaloi pista aurkitzen den auzoaren erdigunearen egituratzea izan da salbuespena, eta desadostasuna galdeketa batekin ebaztea erabaki dute. Dena ondo bidean, abenduan egin nahi dute galdeketa, udalarekin elkarlanean.
Talde eragilea fase berri batera igaroko da. Planaren Koordinazio Taldea izango da, aurrerantzean: Auzo Planean jasotako proposamenak eta neurriak betetzen direla bermatzea izango da bere lana, auzoaren eguneroko behar txikiak jaso eta udalari jakinarazteaz gainera. Auzoko eragileen ordezkariek osatuko lukete talde hori, eta, horrez gain, udalarekin hartu-emanean egongo dira, behar horien berri emateko. Ikasturte berria hastearekin batera, Planaren Koordinazio Taldearen lehenengo lana galdeketa prestatzea izango da.
